San Sebastian eguneko jaiari buruzko iritziak hartzeko prozesua hasi du udalak
Gaurtik aurrera, Donostiako Udala bilerak egiten hasiko da San Sebastian egunaren jaiaren antolaketan inplikatuta dauden hainbat eragilerekin. Hala nola, haurren eta helduen danborrada batzordeetako kideekin eta danborrada duten gastronomia elkarteekin. Behin informazioa eta iritziak jasota, udal taldeekin konpartituko du informazioa.
Bilera errondaren helburua da, COVID19ak eragindako egoera dela eta, San Sebastian egunaren gaineko eragile horien iritzia jasotzea eta erabakiaren parte izatea. “Ez dakigu pandemiaren eboluzioa zein izango den, baina egoerak luzerako joko duen seinale asko dago”, adierazi du Kultura zinegotzi Jon Insaustik. Indarrean dauden dekretuek jaia egitea baldintzatzen dute, alde batetik, ezin direlako hamar pertsona baino gehiago elkartu, eta bestetik, ezin delako desfilerik edo antzekorik antolatu. Horrek eragin zuzena du bai danborradan, bai aurretik egiten diren entseguetan. Hori dela eta, erabaki partekatu bat lantzeko asmoa du udalak.