Arduraren zaporea
Moriako kanpalekuan izandako suteak hango gauzak ez ezik, han bizi ziren pertsona errefuxiatuen barruan bizirik gelditzen ziren hainbat esperantza ere erre zituen. Gobernu xenofobo eta arrazisten erabakiek, sugarrak bailiran, Mediterraneoko eta Afrika iparraldeko kostako uretara euren burua jaurtitzen duten pertsonen bizitzak gurutzatzen dituzte, eta arduragabekeriaren sugarretan erretzera kondenatzen dituzte. Eskerrak infernu horretan, sua beste modu batean erabiltzen duenik baden: eltzeak elikagaiez, zaporez, maitasunez eta ikuspegi kritikoz bete, eta sutan bor-bor kozinatu ostean, pertsona errefuxiatuei otorduak eskaintzen dizkieten pertsonak. Lesbosera joan beharrik gabe, hemen ere badira babesleku bila ari direnak, eta guri, besteak beste, zuri euskaldunoi, dagokigu pribilegioen talaiatik jaitsi, eta arduraren sugarra hauspotzea.