EH Bilduk salatu du alkatea ETS-ren "abokatu defendatzaile" gisa jokatzen ari dela
ETS defendatzeari uzteko eta herritarrak defendatzen hasteko eskatu dio EH Bilduk Eneko Goia alkateari, eta haren agerraldia eskatu du.
Reyes Carrere EH Bilduko zinegotziak prentsaurrekoa eman zuen ostegunean udaletxean, Eneko Goia alkatea metroaren lanekiko izaten ari den jarrera salatzeko eta azalpenak eman ditzala eskatzeko. Donostiako Metroaren lanetako azken gertakarien harira eskatu du EH Bilduk Goiaren agerraldia, Mirakontxa-Easo zatiko lanak eten baitituzte, baita 28 langile kaleratu ere.
Carrerek salatu du alkateak ez duela ETS-ren erabaki bat bera ere zalantzan jartzen, eta “bere hiria defendatzen hasteko garaia” dela nabarmendu du: “Ez dugu ulertzen Donostiako alkateak nola ontzat eman dezakeen beti beste aldearen azalpenak, hau da, ETS-renak. ETS-ren erabaki bat bera ere ez du zalantzan jartzen, dena ontzat ematen du. Horixe egin du, hain zuzen ere, azken egunetan atera diren informazioen aurrean, sinesgaitzak diruditen arren (ETS-k bertan hondarra eta ura aurkitu dituela esatea orain, gutxienez, oso susmagarria da). Goia ETS-ren abokatu bihurtu da Donostiako herritarren aurrean, baina jarrera aldatu eta bere hiria defendatzen hasteko garaia da”.
Era berean, metroaren lanetan arazo asko izan direla gogoratu du Carrerek, eta salatu du arduradunek denetan jarrera bera izan dutela: “Lehenik eta behin, arazoa estaltzen saiatzen dira, eta azkenean egia azalarazten denean, Eneko Goia beti ateratzen da medioen aurrean gertatukoari garrantzia kentzera, dena ondo eta kontrolpean dagoela esatera”. Ordea, EH Bilduk azpimarratu du dena ez dagoela kontrolpean, euren arabera, pertsona asko jarri direlako “arriskuan” lan horietan, diru publiko asko “xahutzen” ari direlako, ez delako “autokritikarik” izan eta EAJ-ko eta PSE-EE-ko arduradun politikoek ez dutelako lanen ardura euren gain hartzen. “Ez da ulertzen zergatik hiriko alkateak ez duen iniziatiba hartzen eta herritarrei azalpenak emateko ardura berak hartzen duen, inork eskatu behar izan gabe, obrei buruzko azken informazioen eta udal gobernuaren erabakien berri emateko donostiarroi”, adierazi du Carrerek. Horregatik, alkatearen agerraldia eskatu du EH Bilduk, eta urriaren 19ko batzordean egingo da.