Musika aretoak ez dira normaltasun berrian sartzen
Badira hilabete batzuk konfinamendua bukatu zenetik, eta normaltasuna urrun badago ere, pandemiaren aurretik egiten ziren gauza batzuk egoerara moldatuta egiten ari dira, besteak beste, kontzertuak. Donostian, ordea, Donostia Kulturak antolatzen dituen kultur jarduerak dira ia eskaintza bakarra, musika aretoak eta kontzertuak antolatzen zituzten tabernak normaltasun berritik kanpo gelditu dira eta.
Donostiak beti izan du mota askotako kultur eskaintza zabala, bereziki musikari dagokionez. Donostia Kulturak antolatu ohi dituen kontzertuez gain, hiriko areto pribatuek ere musika emanaldi asko antolatzen zituzten, koronabirusaren pandemia heldu zen arte. Hain justu, COVID-19aren osasun krisiaren aurretik, areto eta taberna zaharrak eta berriak aintzat hartuta, tamaina txikiko zuzeneko musikaren zirkuitu osasuntsua zuen hiriak: Altxerri, Be Club, Mogambo, Doka Kafe Antzokia, Dabadaba, Convent Garden, Alboka, Le Bukowski, Harpe, Urban Coffee, Aurresku eta Urgulleko Polboriña, besteak beste. Konfinamenduarekin, kultur panorama osoa geldirik izan zen hiru hilabetez, eta normaltasun berriarekin batera Donostia Kulturaren eskaintza itzuli bada ere, eskaintza alternatiboak geldirik jarraitzen du, Donostian eta Donostiatik kanpo; Durangoko Plateruena Kafe Antzokiaren itxiera da horren erakusgarri berriena. Une honetan, erregulartasunarekin hirian kontzertuak antolatzen ari den areto bakarra Altxerri da.
Cristian Bazaes Altxerriko arduradunak azaldu duenez, Jazzaldiaren asteburuan ireki zituzten ateak, eta kontzertuak antolatu zituzten asteburu horretan bertan: “Ostegunean ireki genuen, eta Musikeneko taldeekin kontzertuak antolatu genituen. Orain, irailaren hasieratik, ostegunetik igandera kontzertuak antolatzen ari gara, nahiz eta lehen asteartetik igandera antolatzen genituen”. Bazaesek nabarmendu du jendea ondo erantzuten ari dela: “Sartzen den orori tenperatura hartzen diogu eta gel hidroalkoholikoa ematen diogu, eta denek eserita egon behar dute kontzertuetan; soilik kontsumizioak eskatzeko altxa daitezke. Musikariek ere beti eskatzen dute neurriak betetzeko, eta jendea hala egiten ari da”. Altxerrik 37 urte daramatza irekita, eta Bazaesen arabera, hori izan daiteke une honetan kontzertuak antolatzen ari den areto bakarra izatearen arrazoia: “Gure publikoa espresuki musika entzutera etortzen da betidanik, eta ez horrenbeste parranda egitera. Jendea ideia horrekin dator, eta segur aski horregatik ari gara ondo funtzionatzen; orain ez dago parrandarako aukerarik, beraz, gure bezeroak are gehiago fidelizatzeko aukera dugu”.
Hala ere, Altxerrikoa salbuespena da, izan ere, handik gertu Be Club dago, eta azken bi urteotan Donostiako agertoki garrantzitsuenetako bat izan bada ere –2019an 55 kontzertu antolatu zituzten–, Iñaki Unzueta arduradunak “ezinezkoa” ikusten du orain kontzertuak antolatzea: “Hemen antolatzen genituen kontzertuetan, diru sarrera guztiak gure jardunetik ateratzen ziren, baina, edukiera murriztuta eta gainontzeko neurriekin, ezinezkoa da: ez da errentagarria. Gastuak minimizatuz ari gara bizirik irauten”. Orain, taberna irekita dago, baina Unzuetak azaldu duenez, oso zaila izaten ari da: “Ordutegi murrizketekin, hilabetean 160 lanordu kendu dizkidate. Beraz, langile kopurua murriztu behar izan dut, eta egoerara moldatu nahian gabiltza: eguerdietan eta arratsaldeetan jarri dugu indarra, besteak beste, gazta eta hesteki taula txikiak eskainiz”. Era berean, Be Clubekoak nabarmendu du alternatibak aztertzen ari direla: “Kontzertuen ordez, pentsatu dugu larunbat eta igande eguerdietan musikari bat jarri dezakegula tabernan, girotze musika gisa. Probatu beharko dugu, eta ikusiko dugu nola erantzuten duen jendeak”.
Alboka tabernan ere antzeko zerbait egiteko aukera aztertzen ari dira, Jon Martinez arduradunak azaldu duenez: “Taberna irekita daukagu, eta pentsatu dugu tabernako izkina batean musikari bat jarri dezakegula zuzeneko musika izateko, baina ezin dugu musika emanaldi bat bere horretan antolatu. Izan ere, edukiera murrizteaz gain, jendea kontrolatu behar dugu, eta zerbait gertatzen bada, ardura handia da guretzat”. Albokak 1980ko hamarkadatik darama kontzertuak eta jam session-ak antolatzen, eta azpimarratu du formatu txikiko kontzertuak oso garrantzitsuak direla musikari askorentzat: “Tabernetako zuzeneko musika beste genero bat da bere horretan: harreman handia sortzen da musikarien eta ikusleen artean. Gainera, artista askorentzat jotzeko aukera bakarra da, baina orain hori erori egin da”.
Dabadaba Donostian eta Euskal Herrian kontzertu gehien antolatzen dituen aretoetako bat da, pandemia iritsi aurretik, ia egunero izaten baitzituzten kontzertuak. Datorren astean irekiko dituzte ateak, baina Alex Lopez-Allende arduradunak azaldu duenez, oraindik ez dituzte kontzertuak antolatuko: “Udan lokalean moldaketa batzuk egiteko aprobetxatu dugu, eta datorren astean kafea hartu edo kopak edateko leku lasai gisa irekiko dugu. Musikari dagokionez, kontzertuak dira gure motibazioa eta bereizgarria, baina gure jarduerari esker finantzatzen genituen, eta une honetan hori ezinezkoa da”. Bestalde, zuzeneko musika programatzera itzultzeko aukerak aztertzen ari direla nabarmendu du Dabadabakoak: “Sarreren prezioak igo beharko ditugu, eta aztertzen ari gara jendea zenbat ordaintzeko prest egongo litzatekeen. Kontzertu gutxiago ikusteko aukera izango denez, agian jendea gehiago ordaintzeko prest egon daiteke. Streaming-ak ere aintzat hartuko ditugu, baina hori ez da irtenbidea. Hala ere, kontzertuak berriz antolatzeko aukera dugunean, segur aski, soilik asteburuetan egingo ditugu; lehengo erritmora ezingo gara itzuli normaltasunaren antzeko zerbait heldu arte, inoiz halakorik heltzen bada”.
Mogambo aretoak asteburuero egiten zituen kontzertuak, baina martxotik geldirik dago, eta kolektiboak azaldu duenez, kontzertuak antolatu ahal izan arte, ez dituzte ateak irekiko: “Mogambo ez da taberna bat, beraz, kontzertuak antolatu arte itxita egongo da; momentu honetan, bete behar diren neurriak betetzen ditugun kontsultatzen ari gara”. Era berean, Mogambo irabazi asmorik gabeko gune autogestionatua denez, ez dituzte galera ekonomikoak izan, baina egoera hau kulturaren industrian kalteak eragiten ari dela azpimarratu du kolektiboak: “Nahiz eta Donostia Kultura ekitaldiak antolatzen ari den, argi dago dirua galtzen ari direla, kontzertu batean jende askok hartzen baitu parte: teknikariak, artistak, zerbitzariak, segurtasun langileak, eta abar. Musika negozio bat da, eta jasangarria ez bada, aretoek ez dute berriz irekiko. Horrela jarraituz gero, musika talde asko desagertu egingo dira”. Era berean, hiriko kultur panorama “hilda” dagoela nabarmendu dute, eta salatu dute ez zaiola inori axola.
Erakundeen laguntzarik ez
Bi gauzetan bat egin dute areto guztiek: gaur egungo egoeran oso zaila dela kontzertuak antolatzea, eta erakundeek ez dutela inolako laguntzarik eman areto eta taberna txikien musika zirkuitua berpizteko.
“Azken urteotan, kontzertuak programatzeko garaian, erakundeekin izandako harremana asko hobetu da, baina koronabirusaren harira, ez digute laguntzarik eman”, deitoratu du Martinezek. Unzuetak asko bota ditu faltan erakundeen laguntzak: “Eman ahal ziguten laguntza nagusia udan kanpoan mahai gehiago jartzeko aukera ematea zen, baina ez ziguten eman, ez digute lan egiten utzi. Kontzertuei dagokienez, erakundeek zoriondu izan gaituzte antolatzen genituen emanaldiengatik, baina ez digute laguntza praktikorik eskaini. Hain zuzen, irailean bilera bat egin behar genuen Donostia Kulturarekin, baina momentuz ez digute deitu ere egin”.
Altxerrin kontzertuak egiten ari badira ere, Bazaesek nabarmendu du ezin dituztela hiru musikari baino gehiagoko taldeak eraman, eta emanaldiak ezin dituztela asko iragarri: “Momentuz, ez ditugu kontzertuak asko iragartzen, erakundeek uste dutelako hala egiten badugu jendea pilatuko dela. Beraz, artistek euren sare sozialetan iragartzen dituzte emanaldiak, eta guk soilik kartela jartzen dugu atean”.
Mogambo kolektiboak salatu du pandemia garaian erakundeentzat kulturak ez duela “inolako garrantziarik, ekonomikoki ez baitu lehentasunik”. Ildo beretik jo du Lopez-Allendek: “2021eko aurrekontu publikoetan ziur murrizketa handiak izango direla, eta betiko moduan, kultura izango da arlo zigortuenetakoa. Hala ere, 2020ko aurrekontuak onartuta daude, baina ez dute diru horrekin kultur panorama laguntzeko asmorik azaldu. Esaterako, zergatik ez dute Glad is the day jaialdirako –gainera, gu hor sartuta geunden– zegoen dirua hiriko musika aretoen artean banatu?”. Horretaz gain, erakundeek hartutako neurri askok zentzu gutxi dutela salatu du Dabadabakoak: “Osasunaren ikuspuntutik, ez dut gaizki ikusten edukierak murriztea, ordutegiak murriztea (jendeak bere aisialdi orduak aurreratu beharko ditu), eta abar. Ordea, gehiago inbertituko balitz aztarnarietan eta osasun zerbitzuetan, ez lirateke horrenbeste murrizketa egin behar. Alemanian, esaterako, sartzen zaren lekura sartzen zarela, zure datuak eman behar dituzu eta dokumentu bat sinatu behar duzu, zerbait gertatuz gero, errazagoa izateko zu lokalizatzea”. Beste zentzugabekeria batzuk ere izan direla deitoratu du Lopez-Allendek: “Ez da erraztasunik eman kontzertuak antolatzeko: ostalaritzako bigarren taldeko kide izateko aukera eman digute, besterik ez. Hau da, gaueko lokal gisa ordez, ohiko taberna gisa egongo ginateke katalogatuta, eta kontzertuak antolatzeko muga asko izango genituzke: dezibelioak, ordutegiak, eta abar. Horrek, ordea, ez du inongo zentzurik, gure insonorizazioa ez delako aldatu”.
Bestalde, musika aretoetako musika eskaintzak hiria aberasten duela nabarmendu du Dabadabako arduradunak: “Donostia Kulturaren 2019ko datuen arabera, 55 kontzertu antolatu zituzten urte osoan zehar. Guk, Dabadaban, 200 kontzertutik gora antolatu genituen, eta horietako asko tokiko taldeak izan ziren. Gainera, hemen kontzertu jendetsu bat egiteak aurretik auzoko taberna eta jatetxeetan jendea kontsumitzen aritzea dakar. Hau da, soilik gure datuak aintzat hartuta, Donostia Kulturak eskaintzen duen kultur bizitzaren laukoitza du hiriak, eskaintzaren zein eskariaren aldetik. Galdera da, erakunde publikoek Dabadaba eta gainontzeko areto pribatuak kultur ondarearen parte gisa ulertzen dituzte? Diskurtsoek gauza bat diote, baina ekintzek beste bat”.
Aurrera jarraituko dute
Zailtasunak zailtasun, Altxerrik, Be Clubek, Dabadabak, Albokak eta Mogambok aurrera jarraitzeko asmoa dute, nahiz eta egoerara egokitu beharko duten, eta argi dute erakundeen laguntzarik gabe oso zaila izango dela formatu txikiko kontzertuak antolatzea.
“Gure apustua zuzeneko musika izan da, eta lan egiten uzten digutenean, hala izaten jarraituko du. Aurrera jarraituko dugu, baina ez dakit nola; agian nik bakarrik lan egiten amaituko dut”, adierazi du Unzuetak. Martinezek nabarmendu du musika dela Albokaren bereizgarria: “Tabernarekin jarraituko dugu, eta ahal bezain laster kontzertuak antolatuko ditugu. Guk ez daukagu sukalderik, beraz, gure eskaintza nagusia musika da, eta horretan indarra jarri behar dugu”. Ildo beretik jo du Mogambo kolektiboak, eta era batera edo bestera, eutsi egingo dutela azpimarratu dute: “Ikusiko dugu noiz eta nola antolatuko ditugun kontzertuak, baina Geriatric Unit taldeak esaten zuen moduan, Never give up!”.