Realak Napoli, AZ Alkmaar eta Rijeka taldeen aurka jokatuko du Europa ligan
Europa ligako taldekako faseko zozketa egin dute ostiralean, eta Realari F multzoa egokitu zaio; Napoli, AZ Alkmaar eta Rijeka izango ditu aurkari. Beraz, txuri-urdinek Italiara, Herbehereetara eta Kroaziara bidaiatu beharko dute datozen hilabeteetan. Europa ligako taldekako faseko lehenengo jardunaldia hiru aste barru jokatuko da, baina UEFA oraindik ez du data eta ordu zehatzik eman; finala maiatzaren 26an jokatuko da, Poloniako Gdansk estadioan. Talde bakoitzeko lehenengo bi sailkatuak lehiaketako hurrengo fasera pasako dira; beste multzoetan Europako talde handiak daude, hala nola, Arsenal, Roma, Tottenham, Milan, Vila-real, Bayern Leverkusen, CSKA Mosku eta Benfica.
Realaren aurkaririk indartsuena Napoli da, Txapeldunen ligan jokatu ohi duen talde bat baita. Iaz, Bartzelonak kanporatu zuen lehiaketatik final zortzirenetan, eta Italiako kopa irabazi zuen, finala Juventuses aurka jokatuta. Lehen mailako hainbat jokalari ditu Genaro Gattuso jokalari ohiak zuzendutako talde italiarrak, hala nola, Dries Mertens, Lorenzo Insigne, Hirving Lozano, Matteo Politano eta Kalidou Koulibaly.
AZ Alkmaar Europa ligan jokatu ohi duen talde bat da, eta Ajaxek menderatutzen duen Herbehereetako ligan bigarren sailkatua izan zen iaz; denboraldiko ezustekoa izan zen. Jokalari gaztez josia dago, eta oso ondo jokatzen du erasoan.
Rijeka kroaziarrari dagokionez, printzipioz multzoko taldetik xumeena da, Kroaziako liga ez baitago Europako liga onenen artean. Rijekak hirugarren postuan amaitu zuen 2019/2020 denboraldiko liga, eta Kroaziako kopa irabazi zuen.
Logikoena Napoli lehenengo gelditzea izango zen, eta bigarren postua Realaren eta AZ Alkmaarren artean egotea, baina futbolean arriskutsua izaten da iragarpenak egitea.