Ekialdeko Barrutiaren eta udalaren arteko lankidetza falta salatu dute barrutiko batzordeko elkarteek
Ekialdeko Barrutiko (Intxaurrondo, Altza eta Bidebieta) Batzordea osatzen duten elkarteek adierazpen bateratua egin dute, udalaren eta barrutiaren arteko lankidetza falta salatu eta ezohiko bilera bat eskatu dute. Elkarteek azaldu dute irailaren 16an bilera bat izan zutela Martin Ibabe udaleko zinegotzi (EAJ) eta barrutiko lehendakariarekin, eta azaldu ziela ez zegoela erabaki irmorik barrutiaren 2019 eta 2020ko aurrekontuetan aurreikusitako proiektuak exekutatzearen inguruan. Ordea, gogoratu dute hurrengo egunean hedabideek argitaratu zutela Ekialdeko Barrutiko proiektuan pandemiaren ondorioz bertan behera gelditu zirela. Udalak barrutiari gezurra esan izana deitoratu dute: “Tamalez, ez da lehen aldia udal gobernuak egia ezkutatzen digula. Ekialdeko Barrutia eratu zenetik, etengabekoa izan da udalaren aldetik lankidetza falta izan denaren kexa”. Honako hauek dira adierazpena sinatu duten elkarteak: Elkartasuna auzo elkartea, Herripe auzo elkartea, Oleta auzo elkartea, Izbe auzo elkartea, Altzania, Emanhar, Plazandreok, Showtime, Altza XXI Elkimena, Altzako Historia Mintegia, Altzako Kulero Moreak, Bizarrain Euskara Elkartea, Intxaurrondo Berri Emakumeen Elkartea, Intxaurdi auzo elkartea, LODABE (Lorete, Darieta, Berra) auzo elkartea, Ostadar Larratxoko Emakumeen Elkartea eta Osteguna auzo elkartea.
Horretaz gain, barrutia guztiz geldituta dagoela salatu dute: “Barrutitik bideratutako proiektu gehienak, denak ez esatearren, blokeatuta daude hasiera-hasieratik. Informazio falta sekula bainolarriagoa da. Udal gobernuaren aldetik egia jakitea ezinezkoa da. Herritarren partaidetza organoa behar lukeenak burokratizazio maila ikaragarri altuak garatu ditu. Departamentuetako zinegotzi arduradunek ez diote jaramonik egiten barrutiko batzordearen eskaerei”.
Horregatik, eskatu dute Ibabe batzordeko lehendakariak bilera ezohiko bilera batera deitu dezala hilaren 14rako. Bilera horretako puntu bakarra udalaren eta barrutiaren arteko lankidetza falta izatea eskatu dute, baita bilerara Eneko Goia alkatea eta Jaime Dominguez-Macaya Ogasuneko zinegotzia joatea ere; “bi kargu hauek ez egotekotan, ez dugu bileran parte hartuko”, gaineratu dute.