"Elkarrekin baldin bagaude, errazago borrokatuko dugu funts putreen aurka"
Katalunian alokairuaren prezioa arautzeko lege bat onartu berri dute, hein handi batean, Sindicat de Llogateres Bartzelonako maizterren sindikatuaren lanari esker. Nuria Comerma sindikatu horretako kidea da, eta Donostian dabil, hiriko maizterren sindikatuak antolatutako jardunaldietan parte hartzen.
Nolakoa izan da zuen esperientzia Katalunian?
Duela hiru urte inguru sortu zen Kataluniako Sindicat de Llogateres [maizterren sindikatua], batez ere, Bartzelonan eta inguruetan espekulazio handia zegoelako. Izan ere, 2008ko krisian hipoteken inguruko espekulazioa izan zen nagusi, baina azken urteotan gora egin du alokairuaren espekulazioak. Beraz, maizterrek antolatzeko eta Bartzelonara heltzen ari ziren funts putreen aurka borrokatzeko. Jende asko bildu zen sindikatuaren inguruan, alokairuak soldataren erdia hartzen baitu, batez beste.
Horrela, Ens quedem [Geratuko gara] egitasmoa sortu zen. Egoeraren aurkako desobedientzia jarduera bat da, eta horren bidez, kontratua bukatzen zaizunean, eta esaten dizutenean joan behar duzula edo asko igotzen dizutela alokairua, zu etxebizitza horretan gelditzen zara, kontratuak zioena ordaintzen. Horri esker, 2.000 maizter inguru euren etxeetan gelditzea eta kontratuak berriz negoziatzea lortu dugu.
Nola egin duzue borroka?
Aipatzen nizun egitasmo hori izan da gure borroka ildoetako bat, baina gehiago izan dira. Beste ildo garrantzitsu bat jabe beraren esku dauden etxebizitza blokeetako maizterren antolakuntza izan da. Funts putreak eraikin osoak erosten ari dira, eta zaurgarritasun egoerak sortzen baditu ere, jabe handi baten maizter guztiak batu ditzakezu jabearen aurka borrokatzeko.
Azorarekin, esaterako, lortu dugu bere jabetzako eraikin askotako maizterrak antolatzen joatea, eta antolakuntza hori Katalunia osora zabaltzea. Beraz, Azorak atzera egin behar izan du, eta antolakuntza horren aurka zer egin pentsatzen ari da.
Berriki, alokairuaren prezioa arautzeko lege bat onartu da Katalunian.
Irailaren 9an onartu zen lege hori, eta Espainiako Estatuan lehenengo aldiz gertatu da halako zerbait. Izan ere, lortu dugu hainbat alderdi politiko ados jartzea, gure sindikatuaren aldarrikapenak aintzat hartuz. Lege hori onartuta, zu zure etxean baldin bazaude eta bota egin nahi bazaituzte edo kuotak igo nahi badizkizute, zuk, legeak babestuta, ezetz esan dezakezu, ordaintzen zenuena ordainduta zure etxean geratuko zarela. Gainera, botatzen bazaituzte, maizter berriari ezin diote zuri kobratzen zizutena baino gehiago kobratu. Beraz, jabeei ez zaie interesatzen maizterrak aldatzea.
Zertara etorri zarete Donostiara?
Alde batetik, Donostiako Maizterren Sindikatua agurtzera eta babesa helaraztera etorri gara, gure ahizpak direlako. Bestetik, azaldu dizkizudan borroka estrategiak azaltzera etorri gara, Espainiako Estatuko hiri eta herri guztietan argi geratzeko Kataluniako legea babestu egin behar dela, leku guztietan gauza bera egin ahal izateko.
Nola ikusten duzu Donostiako alokairuaren egoera?
Duela urtebete inguru etorri ginen hemen sindikatu bat sortzeko aukera aztertzeko, eta ondorioztatu genuen Bartzelonako egoera eta hemengoa oso antzekoak direla. Izan ere, bi kasuetan hainbat auzotan hirigintza proiektu handiak egiten ari dira, auzoetako merkatu balioa handituz eta auzoko jendea kaleratuz. Horrela, etxebizitza jabe askok euren etxebizitzak etxe turistiko bihurtzen dituzte, eta plusbalio handia sortzen da. Desberdintasunak daude, baina baita antzekotasun handiak ere: Bartzelona, Madril eta Donostia dira Espainiako Estatuko hiririk garestienak alokairuari dagokionez. Horrek arazo kolektibo asko sortzen ditu, eta elkarrekin baldin bagaude, errazago borrokatuko dugu funts putreen aurka.