Urriaren 24ko presoen etxeratzearen aldeko manifestazioa iragarri du Sarek Ibaetako frontoian
Sarek deituta, ehundaka herritar ‘650 tontor’ egitasmoan parte hartzekoak ziren asteburu honetan, Euskal Herri osoko mendi tontorretara igoaz. Ordea, eguraldi txarra dela eta, egitasmoa bertan behera utzi dute, baina agerraldia egin du Sarek Ibaetako frontoian. Hain justu, urriaren 24an, Donostian, presoen etxeratzearen aldeko manifestazioa egingo dutela iragarri dute, baita Kontxako hondartzan mosaiko erraldoia ere. Bestalde, argazki jendetsua egin dute frontoian, hiru mendi tontor irudikatuz, ‘650 tontor’ egitasmoari keinu eginez. Era berean, Euskal Herriko herri guztietako plazetan argazki jendetsuak egiteko deia zabaldu dute, eta egunean zehar jasotzen joango dira.
Adar eta bibolin doinuekin hasi dute ekitaldia Ibaetako frontoian, eta Julio Sotok ‘650 tontor’ egitasmorako espresuki idatzitako bertsoa abestu dute han bildutako herritar guztiek. Ondoren, Bego Atxak (euskaraz) eta Joseba Azkarragak (gaztelaniaz) irakurketa egin dute, mendietara igotzeko egitasmoa bertan behera utzi izanagatik “oso penatuta” daudela nabarmenduta. Hala ere, pozik agertu dira jendearen erantzunarekin: “Beste behin ere, preso eta iheslariek bizi duten egoerari aterabidea eman behar zaiola adierazteko mobilizatzeko prest agertu da euskal jendartea, eta horrek egiten ari garen lana norabide egokian egiten ari garela eta beharrezkoa dela erakusten digu”. Izan ere, azpimarratu dute euskal presoen %85 euren etxeetatik 650 kilometrora daudela oraindik, batez beste, eta espetxe politika horrek amaitu behar duela aldarrikatu dute.
Hilaren 24ko manifestazioan, “mundu osorako” mezu bat zabalduko dutela adierazi dute: “Mundu osoak jakin dezan oraindik hemen ehunka preso etxetik ehunka kilometrotara daudela; oraindik ere presoen gehiengoa lehen graduan edo zigor graduan dagoela; oraindik ere emakume presoak bakartuak jarraitzen dutela; ehun motxiladun haur inguru daudela eta preso gaixoak heriotzera arte espetxean mantentzen dituztela. Finean, oraindik orain, hau guztia ahalbidetzen duen salbuespenezko espetxe politika indarrean dela”. Horregatik, Resolution! Etxean! lelopean egingo dute manifestazioa, eta herritarrak borrokatzen jarraitzera deitu dituzte: “Tontorra zein den badakigu, etxeratzea, elkarbizitza, bakea. Segi dezagun, beraz, bidea egiten, bidea izan gaitezen”.