Pedro Aiestaran 'Popotxo' Orquesta Mondragon taldeko 'mutua' zendu da

Pedro Aiestaran Popotxo Orquesta Mondragon talde donostiarreko aktorea eta Javier Gurrutxaga artistaren lagun bereizezina ostiralean, hilaren 3an, hil zen, bihotz-gelditze batek jota. 69 urte zituen.
Popotxo, Orquesta Mondragoneko mutua gisa ere ezaguna, Gurrutxagarekin batera oso ezaguna egin zen 1970eko hamarkadaren bukaeran eta 1980ko hamarkadan, Orquesta Mondragon rock-and-roll taldearekin egiten zuen lanarengatik. Izan ere, musika eta antzerkia uztartu zituen lehenengo taldeetako bat izan zen Orquesta Mondragon, oso abesti bereziak idatzi eta jotzeaz gain, abesti horiek nolabait antzeztu egiten zituzten agertokian, eta Popotxo zen beti ikuskizun horietako burua: oilo mozorro batekin edo pailazoz jantzita atera zitekeen agertokira abesti batean, eta hurrengoan emakumezko panpin puzgarri batekin. Asko izan ziren Gurrutxaga eta Popotxo-ren taldeak izan zituen disko arrakastatsuak, hala nola, Bon Voyage (1980), Muñeca Hinchable (1979), Memorias de una vaca (1995), Ellos las prefieren gordas (1987) eta El maquinista de la general (2010).
Zineman ere lan egin zuen Popotxo-k. 1982an egin zuen debuta Fernando Gonzalez Canalesen Bésame tonta filmarekin, eta ondoren, Santiago Aguilar eta Luis Guridi La Cuadrilla zinemagile bikotearekin hainbat film egin zituen: El pez (1985), Justino, un asesino de la tercera edad (1994), Matías, juez de línea (1996) eta Atilano, presidente (1998).
Era berean, 2013an Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Asteko karteleko irudia izan zen, bere lagun Gurrutxagarekin batera.