Eguzkik Egiako parkeko espezieak babesteko eskatu dio udalari
Joan den astean zakur batek Egiako parkeko ahate bat eraso ondoren –hasieran beltxarga bat eraso zuela salatu zuen Cristina Enea Fundazioak, baina udalak esan zuen beltxarga adinagatik hil zela–, Eguzki talde ekologistak parkeko espezieak babesteko eskatu dio Donostiako Udalari. Izan ere, Eguzkik nabarmendu du ez dela halako eraso bat gertatzen den lehen aldia: “Esaterako, urte honetan bertan basahate eme bat eraso zuen zakur batek, eta handik ordu gutxira hil zen. Arrak astebete pasa zuen emearen gorpuren ondoan, handik kendu zuten arte. Duela urte batzuk gertatutako kasu bat ere gogoratu nahi dugu, astapotoren batek urmaeleko ahate bat jipoitu eta hil zuenekoa”. Era berean, paumak ere “jazarriak eta erasotuak” direla azpimarratu dute. Ahatearen erasoaren ostean, Cristina Enea Fundazioak gogoratu zuen zakurrek lotuta joan behar dutela parketik, baina Eguzkik uste du ez dela nahikoa hori gogoratzearekin.
Bestalde, ekologistek azaldu dute udalak anatidoen ugalketa garaian garbitzen duela urmaela, eta “neurriak hartzen ez dituenez”, nabarmendu dute urmaeleko igel eta apo emaginak (babestuta dauden espezieak) estolda zuloetatik behera joaten direla. “Horretaz gain, sarritan ondo dauden zuhaitzak botatzen dituzte, espezie exotikoak askatzea ahalbidetzen dute, eta kale zurrutatik eratorritako gero eta zikinkeria gehiago dago”, gaineratu du Eguzkik.
Horregatik guztiagatik, udalari mantenua eta zaintzea hobetzeko neurriak hartzeko eskatu dio talde ekologistak, “parkeko animalia eta landare espezieak babesteko”. Era berean, segurtasuna eta parkeko erabiltzaileekiko komunikazioa ere hobetzeko eskaera egin dute, guneko kartelak eta seinaleak hobetuz. Parkeko espezieen ugalketa garaiak errespetatzeko protokoloak ezartzeko ere eskatu dute.