Donostiak eta Miarritzek bi hirien arteko lankidetza zehaztu dute
Eneko Goia Donostiako alkateak eta Maider Arostegi Miarritzeko alkateak lan jardunaldi bat egin dute gaur, proiektu estrategiko nagusiak aztertzeko eta mugaren bi aldeetako euskal hirien arteko lankidetza puntuak zehazteko. “Oso garrantzitsua da loturak estutzea puntu asko partekatzen ditugun hiri batekin, bai historiagatik, bai gure hiri errealitateek eta gure inguruko errealitateek gaur egun duten errealitateagatik”, azaldu du Goiak. Interesgarritzat jo du bi hirien arteko lotura hobea egiteko aukera aztertzea, bai errepidez bai trenez.
Hiri barruko mugikortasun planak eta mugaz gaindiko mugikortasuna izan dira Donostiako eta Miarritzeko ordezkaritzen arteko agendaren lehen zatia. Hala, Goiak eta Arostegik konurbazioen arteko komunikazioa hobetzeko aukerak aztertu dituzte, bereziki Donostia eta Miarritzeko Nazioarteko Aireportuaren arteko lotura. Bi aldeak bat etorri dira AHTak Donostia eta Irun arteko adarra lotzeko proiektua bukatu eta Frantziako sarearekin konektatu ondoren izango duen garrantziarekin. Gainera, Miarritzeko alkateak aukera izan du Donostiak mugikortasun iraunkorragorako bidean dituen planak ezagutzeko, Topoa eta hiriko trafiko fluxuen hobekuntza ardatz hartuta.
Ekonomia aurreratuak bisitaren bigarren zatia hartu du ardatz. Goia eta Arostegi Miramongo Parke Teknologikoan izan dira, eta hainbat esparrutan garatutako proiektu nagusiak bertatik bertara ezagutzeko aukera izan dute. Parkean egin duten ibilbidean, proiektu hauek ezagutu dituzte, besteak beste: Vicomtech, Graphenea, Cidetec, Tecnalia eta Orona. Goiak Arostegiri azaldu dio azken urtetan hiria gune biosanitarioa eratzeko egiten ari den apustua, puntako zenbait enpresa eta proiekturekin –Inbiomed, BioDonostia– sendotu dena, edo Viralgen enpresa estatubatuarraren ezarpena. Ondoren, Basque Culinary Center ere bisitatu dute.
Horrez gain, bi hirien arteko lankidetza harremanak estutzeko aukera aztertu dute, kultura eta turismo arloan. Bi ordezkaritzek Tabakalera bisitatu dute, eta sarea osatzen duten agenteen instalazioak ikusi dituzte. Azkenik, bilera bat egin dute Kursaalen, eta turismoaren arloan lankidetzan aritzeko eta biltzarrak erakartzeko aukerak aztertu dituzte.