"Oso ondo sentitzen naiz fisikoki eta mentalki"
Asteburu honetan Espainiako ligan atsedenaldia dago, baina Realak dagoeneko bost partida jokatu ditu. Aritz Elustondoren (Beasain, Gipuzkoa, 1994) iritziz, taldeak hainbat gauza finkatu eta landu behar baditu ere, ondo bidean, zaleek talde on bat ikusteko aukera izango dute. Gainera, berak pozik hasi du 2020-2021 sasoia eta Realarekin kontratua luzatu diote. Txikitako ametsa egia bihurtzen ari da.
Zer iruditu zaizu sasoi hasiera?
Ondo. Aurrekoa urte arraroa izan zen, eta aurten ere ez dago oso argi gauzak nola joango diren. Nahiz eta denboraldi-aurrea ohikoa baino motzagoa izan, uste dut taldea ondo dagoela. Hala ere, golak sartzeko zailtasunak izaten ari gara, baina iritsiko dira, eta ziur nago taldea gero eta hobeto ikusiko dugula partidak aurrera joan ahala.
Denboraldi hasiera honetan, koronabirus kasuek eta lesioek eragina izan dute taldean?
Ezin dizut esan eragina izan duten edo ez. Une oro, prest geundenak izan gara entrenatzen eta jokatzen. Entrenatzaileak konfiantza zuen gugan, eta nik uste dut une oro jokatu duenak dena eman duela taldeari laguntzeko. Egia da jokalari batzuek ezin izan dutela partidaren bat edo beste jokatu. Baina bueno, gaudenak gaude. Urtero gertatzen da, esaterako, lesioak direla eta hasieratik ez izatea.
Espainiako ligaz gain, beste hainbat txapelketatan parte hartuko duzue. Nola egingo diozue aurre guztiari?
Momentuz, soilik liga abiatu dugu, eta ligan oso zentratuta gaude. Hala ere, txapelketa guztietan lehian aritu nahi dugu. Pena handia izan zen iaz final batera iritsi eta ezin jokatzea. Ordea, ez zegoen geure esku. Zortea dugu gure kirolean jarduteko aukera dugulako, baina gai hori nola geratuko den ez dakigu. Guk jokatu eta irabazteko intentzioa dugu.
Zer iruditu zaizkizu Europa ligan egokitu zaizkizuen taldeak?
Talde gogorra eta polita da aldi berean. Erronka zaila izango da, baina ikusiko dugu zertarako gai izango garen aurten.
Zaleak oraindik ez dira zelaira itzuli. Jokalari gisa, egoera horretara ohitu zara?
Ohitu behar duzu. Hala ere, ohituta ere, ez zaigu gustatzen. Pandemia aurretik, geure etxean zaleekin izan genituen hilabete gutxi horiek izugarriak izan ziren. Hainbat elkarrizketatan esan izan dut: uste dut zaleek partida dezente irabazi zituztela, haien animoekin eta berotasunarekin. Eta orain nabari da, ikusita itxialdiaren ondoren, baita sasoi honetan ere, etxean irabaztea kostatzen zaigula. Horregatik, espero dut hau azkar pasatzea. Uste dut oso beharrezkoa dela zaleak zelaian izatea, gauzak ondo joan daitezen.
Sasoi honetara begira, zein helburu finkatu dituzue?
Esan bezala, txapelketa guztietan lehian aritu nahi dugu. Bai Europa Ligan, bai aurtengo kopan ahalik eta urrunen iristea da gure xedea. Ligan, berriz, emaitza onak lortu eta goiko postuetan izan nahi dugu. Orokorrean, uste dut urteroko helburua izan beharko litzatekeela ligan Europako postuetako bat lortzea. Jokalari gazte asko daude, baina barruan dutena erakusteko gogo handia dute. Talde oso ona dugu txapelketa guztietan lehian aritzeko.
Praktikan, nola ikusi duzu taldea?
Ondo. Dena den, uste dut gauza batzuk finkatu behar ditugula. Oraindik ere aurreko aldean ez gara asko asmatzen ari, eta atzeko aldeko hainbat alderdi ere ondo lotu behar dira, golik ez jasotzeko. Hain zuzen ere, astean zehar lan eta lan ari gara atzeko parteari ondo heldu eta aurreko partean ahalik eta gol gehien sartu ahal izateko. Joan den urtean, konfinamendura arte oso talde erakargarria izaten ari zela uste dut, eta horretara itzuli nahi dugu. Helburu hori lortzen badugu, oso talde ona ikusiko da.
Eta nola ikusi duzu zeure burua?
Oso pozik nago, gogotsu. Urte batzuk neramatzan lehenengo partidatan lehen hamaikakoan atera gabe. Gainera, iazko denboraldia amorru handiz amaitu nuen, lesio dezente izan nituelako eta gero berriz min hartuta egon nintzelako sarri. Aurten, berriz, oso ondo sentitzen naiz fisikoki eta mentalki. Gustura nago zelaian, eta hori da garrantzitsuena: gogotsu egon eta taldeari lagundu ahal izatea.
Denboraldia berandu hasi zenuen, PCR proban positibo eman baitzenuen. Zergatik erabaki zenuen publiko egitea?
Klubak berria atera zuenean, etxekoekin hitz egin nuen, eta pentsatu nuen komeni zela esatea ni nintzela. Modu horretan, klubari ere lana erraztu nahi nion. Izan da besteren bat nire egoera berean, baina ez zuen izena eman nahi izan. Ondorioz, klubak ezin izan ditu nahi zituen bideo edo argazki guztiak igo. Hori ere, errespetatzekoa da, noski.
Bestalde, nire kasuan, oporretako hamabi egun pasa nituen nire gelan sartuta. Orain ligako protokoloa aldatu dute eta antigorputzekin entrenatu dezakezu; nik, berriz, bi PCR negatibo behar izan nituen berriro entrenatzen hasteko. Hala egokitu zitzaidan.
Nola igaro zenituen egun haiek?
Asintomatikoki, zorionez. Ikusita jendeak nola pasa duen, ezin naiz kexatu. Nik proba egin behar izan nuen kontaktu zuzena izan nuelako positibo eman zuen pertsona batekin. Alegia, proba egin izan ez banu, ez nintzen ohartu ere egingo koronabirusa nuela.
Koronabirusaz harago, sasoi hasieran berri on bat jaso zenuen. 2024ra arte luzatu dizu kontratua Realak. Zer iruditu zaizu?
Nik, berez, 2022ra arte nuen kontratua, beraz, ez zegoen horretarako beharrik. Taldeak, berriz, luzatu nahi zidala jakinarazi zidan, eta aurrera egin genuen. Azken batean, nire bizitzako ametsa izan da lehenengo taldera iristea eta hemen ahalik eta urte gehien igarotzea. Aukera hori ezin nuen galdu. Hala ere, baloratzekoa da klubaren erabakia. Izan ere, iazko sasoia niretzat nahiko eskasa izan zen jokatutako minutuei dagokienez. Beraz, zelaian ez ezik, taldearekin ere oso-oso gustura nago.
Zer da zuretzat Reala?
Sentimendu bat. Asteburuero partidak ikusi, sufritu… Haurra nintzela, galtzen genuenean, negar egin. Irabazterakoan, aste guztia pozik. Txikitatik, urtero, Realaren jantzi osoa izan dut, eta egunero erabili nahi nuen eskolara joateko.
Zer da zuretzat futbola?
Nire bizitzako ametsa da, eta betetzeko aukera izan dut. Txiki-txikitatik lehentasuna eman diot kirol honi, eta, eskolara joaten nintzenean, beti baloi bat izaten nuen eskuetan. Edozein momentu aprobetxatzen nuen baloia erabiltzeko, lagunekin jokatzeko, eta abar. Horregatik guztiagatik, uste dut niretzat betirako ahaztezina izango dela nire bizitzako ametsa lortu eta nire bizitzako taldearekin debutatzea eta kolore hauek defendatzea. Eta hala izan bedi urte askorako.
Une honetan, zer zara gehiago: futbolari ala realzale?
Une honetan, futbolari izatea egokitu zait. Orain dela gutxira arte, zortea izan nuen, zale bat gehiago bainintzen. Orain, zalea eta jokalaria naiz. Kolore hauek defendatzea asko gustatzen zait eta Realaren armarria toki guztietara eramateko aukera izateak harro sentiarazten nau. Beste hainbat urtez hemen jarraitzea lortzen badut, askoz hobe, gero berriz ere futbolari izatetik zale izatera igaro arte.
Nola sentitzen zara Imanol Alguacil entrenatzaile izanda?
Aspalditik ezagutzen dut, eta oso ondo ezagutzen dugu elkar. Gazte kategorian, Sansen eta lehen taldean aritu naiz berarekin. Badakit konfiantza handia duela nigan, eta nik ere konfiantza handia dut harengan. Entrenatzaile batek zugan konfiantza duenean, zuk zelaian hori itzuli besterik ez duzu nahi.
Jokalariei dagokienez, norekin duzu harreman berezia?
Une honetan, ezingo nizuke izen bat bakarrik esan. Ni nahiko saltseroa naiz, eta denekin ondo moldatzea gustatzen zait. Oso-oso harreman ona dut jende askorekin, bai dagoeneko taldetik joan direnekin, bai hemen jarraitzen dutenekin ere. Baina, esan bezala, horrelakoa naiz. Gainera, adarra jotzea ere gustatzen zait.
Zurekin jokatu duten jokalarietatik, baten bat erreferente zen lehenagotik edo erreferente bilakatu da zuretzat?
Asko daude. Ni lehenengo taldean sartu nintzen unean beterano mordoa zegoen, eta uste dut zerrenda amaigabea emango nizukeela: Xabi Prieto, Carlos Martinez Charly, Agirretxe, Markel Bergara, Ansotegi…. Horiek guztiak erreferente bihurtu zaizkit azkenean, aldagelan elkarrekin egoten ginelako, eta ikusi dudalako benetan zer den eta nola sentitzen duten Reala. Horrez gain, gazte naizen aldetik, beteranoengandik gauza onak hartu eta ikasten saiatu nintzen, baita orain erabili ere.
Nor zen zure txikitako eredua?
Xabi Alonso. Haurra nintzela, ez nintzen erdiko ez alboko atzelaria, euskarria baizik. Ondorioz, bere jokoari asko erreparatzen nion.
Futbolaz harago, aurten Realak hainbat prentsaurreko soilik euskaraz eskaintzea erabaki du. Zer iruditu zaizu erabaki hau?
Ni alde nago. Gainera, nire kasuan, erraztasun handiagoa dut euskaraz hitz egiteko, gaztelaniaz hitz egiteko baino. Euskal Herrian gaude, eta uste dut geure hizkuntza ere erabili behar dugula. Beste toki askotan ingelesa edo gaztelania erabiltzen dira, eta ondoren itzuli egiten dituzte. Gurekin ere berdina gerta daiteke. Realak emandako aurrerapauso hori ondo dago.
Zure egunerokotasunean gehienbat euskara erabiltzen duzu?
Bai. Egia da Zubietan taldekide dezente daudela euskaraz ez dakitenak, eta ondorioz gaztelaniara pasatzen garela askotan. Baina bueno. Normalean etxean eta lagunen artean euskaraz hitz egiten dut. Horregatik, hain zuzen ere, erraztasun handiagoa dut.
Beasaindarra zara. Noiztik bizi zara Donostian?
Bi edo hiru urte daramatzat hemen.
Aldaketa nabaritu zenuen Beasaindik Donostiara etorrita?
Bai, noski. Aldaketa dezente, gainera. Donostian, Zubieta hamar minutura dut. Beasaindik, berriz, errepidea oso txarra denez, ordu erdi inguru behar izaten nuen entrenatzera joateko. Harro sentitzen naiz beasaindarra izateaz, baina uste dut Donostia ere munduko hiririk hoberenetarikoa dela, eta plazera da hemen dauden bistak eta abar ikustea.
Gustura sentitzen zara?
Bai. Gauza gehiago dauzkazu egiteko Beasainen baino, eta Beasainera joan behar dudanetan hara joaten naiz. Orain, egia da, pandemiaren kontuarekin gutxiago joaten naizela. Egia esan, gustura nago, hemen, etxean, nire bikotekidearekin eta nire bi zakurrekin. Ezin naiz kexatu.
Zer da Donostian bizitzeaz gehien gustatzen zaizuna?
Ni Donostiatik apur bat kanpo bizi naiz, eta hori gustatzen zait gehien bat: hiritik apur bat urrun zaude, eta lasaitasun handia dago. Gainera, bista politak ditut etxetik. Horrek lasaitasuna ematen dit, eta ondo sentiarazten nau. Gainera, hemendik toki ugari daude zakurrak paseatzeko.
Aisialdian, zer gustatzen zaizu egitea?
Oporretan izaten garenean, futbolaz harago, beste hainbat kirol egitea gustatzen zait: paddlea, tenisa, frontenisa eta abar. Aurten ere, uharte inguruan piraguan ibili naiz egunen batean. Lagunekin ere kafe batzuk hartzea gustuko dut. Orain, esan bezala, ez da posible. Ea hau behingoz bukatzen den, eta berriz ere hori egiteko aukera dugun.