Puntu bat urrutian korrika
Bainu denboraldia amaituta, urriaren 1etik aurrera, zakurrak Donostiako hondartzetara sar daitezke. Albiste horrekin, aitak beti kontatzen duen istorio horietako bat etorri zait burura. Gaztea zenean, ahal zuen guztietan, aitona-amonek Loiola kalean zuten arropa dendara joaten zen Baten bila, familiaren zakurraren bila. Dendako atzeko aldean egoten zen Bat, eta aita usaindu bezain laster, urduri jartzen zen, bazekielako mendira edo hondartzara eramango zuela. Kontxara eramaten zuenean, zintzo-zintzo joaten zen aitaren ondoan dendatik Kontxa pasealekura, baina azken zebrabideko semaforoa berdean jartzen zenean, ziztu bizian ateratzen zen, hondartzara. Aitak hondarra zapaltzen zuenerako, puntu bat baino ez zuen ikusten urrutian korrika; Bat zen, eta zoriontsu zegoen, argazkiko zakurra bezain zoriontsu. Bat aspaldi hil zen, baina ziur hiriko zakur guztiak bera egoten zen bezain urduri daudela egun hauetan.