Sukaldearen inguruan komunitatea indartu nahi dute
Uztailean lehenengo proba egin ondoren, Herrerako Sukalde proiektua bueltan da. Herritarren jateko beharra asetzeko helburua dute, aldi berean tokikoa kontsumituz eta jasangarritasuna sustatuz.
Gizakion oinarrizko beharretako bat da jatearena, baina askori kostatzen zaie egunero sukaldean sartzea, dieta on eta osasuntsu bat bermatzeko. Herreran, ordea, ez dago aitzakiarik egunero ondo ez jateko, astelehenetik aurrera abian izango baita Herrerako Sukalde proiektua.
Xenki Berho sustatzaileak azaldu duenez, hiru dira egitasmoaren helburuak: “Lehenengoa kohesio soziala da, hau da, auzoko bizilagunen artean lankidetza eta parte-hartzea sustatzea. Bigarrena tokiko ekonomia eta tokiko produktuak sustatzea da; barazkiak inguruko nekazarienak dira, gehienak ekologikoak, arraina Pasaiako badiatik ekartzen dugu eta haragia auzoko harategietakoa da. Azkenik, hirugarren helburua jasangarritasuna sustatzea da; janari guztia ontzi berrerabilgarrietan banatzen dugu, eta parte-hartzaileek ontzi hutsak itzultzeko konpromisoa hartzen dute”. Gainera, hori guztia euskara sustatuz egiten dute: “Euskara erabiltzeko aukera ematen zaie parte-hartzaileei, kontsumo komunitario hori euskaraz eginez”.
Proiektuaren funtzionamendua sinplea da: izena eman duten herritar kopuruaren eta hautatu duten menuaren arabera, sukaldariek janaria prestatzen dute auzoko elkarte gastronomikoetan, eta auzotarrak euren janariaren bila joaten dira. Hurrengo egunean, herritarrek ontzi hutsak itzultzen dituzte, eta beteak eramaten dituzte eguneko janariarekin. Berhok nabarmendu du oso onuragarria dela herritarrentzat eta auzoarentzat: “Auzotarrei errentagarritasun bat sortzen diegu janari gozo, osasuntsu eta merkea eskainiz, eta normalean supermerkatuek eta horrelako establezimenduek izango lituzketen mozkinak auzoan gelditzea. Izan ere, produktu guztiak auzoan edo inguruan erosteaz gain, atera ditzakegun mozkin guztiak auzoan gelditzen dira, sortu daitezkeen beste egitasmoak sustatzeko”. Era berean, Berhok nabarmendu du proiektua ez dela catering zerbitzu bat soilik: “Parte hartzen dutenei galdetegiak bidaliko dizkiegu, herritarrekin elkarlanean proiektua hobetzen joateko, hau da, lankidetzarako konpromisoa hartzen dute herritarrek”.
Proiektuaren bigarren txanpa
Uztailaren 6tik 31ra Herrerako Sukalde proiektuaren lehenengo probaldia egin zuten, eta herritarren artean “oso harrera ona” izan zuenez, urriaren 12tik abenduaren 21era bigarren txanpa egingo dute. Bigarren txanpa honek hamar aste iraungo baditu ere, bi fasetan banatuko dute, Berhok azaldu duenez: “Parte-hartzaileek bost astez platerak jasotzeko konpromisoa hartu beharko dute, azaroaren 15era arte. Ondoren, beste bost astez jarraitu nahi duten erabaki beharko dute”. Lehenengo txanpa ona izan bazen, bigarrena hobea izango dela esan du pozik Berhok, izen-emateak “arrakasta handia” izan baitu.
Askotariko menuak dituzte: lehenengo platerak, bigarren platerak, menu osoak, eta abar. Bestalde, bigarren txanpako berritasun nagusia kaxuelitak dira: “Lehenengo probako parte-hartzaile askok esan ziguten faltan botatzen zutela hartzen zituzten platerak seme-alabekin, bikotekidearekin edo dena delakoarekin partekatu ahal izatea. Beraz, kaxuelitak sortu ditugu; horrela, herritarrek plater jakin bateko bi edo hiru anoa har ditzakete, etxean denek jateko”, azaldu du Berhok.