Viggo, Viggorentzat
Urtetan zehar Viggo Mortensenek pantailara ekarri dituen pertsonaien aniztasuna soilik da alderagarria aktoreak bizitza errealean dituen zaletasun kopuruarekin: kirola, argazkigintza, poesia, bizitza politiko aktiboa, musika… Eta, aurten, baita zuzendaritza ere.
Aurtengo Zinemaldian jaso du Mortensenek Donostia Saria, bere aktore ibilbide luzea ospatzen duena. Abagunea profitatuz, estatubatuarrak kameraren atzean gidatu duen lehen filma ekarri zuen hirira eta, orain, pare bat aste igarota, dagoeneko ailegatu da zinema aretoetara Falling, familiarteko drama.
Hasiera batean antzeztu behar ez bazuen ere, finantzaketa kontuak zirela eta, bere burua filmeko protagonista bihurtzen amaitu du Mortensenek. Zinta honetan Lance Henriksen aktorea izan du bidelagun, Willis Petersen agure eskuindar eta erretxinaren paperean. Adina dela-eta memoria galtzen hasia denez, Willisek etxalde hotz bakartia utzi eta John semearen (Viggo Mortensen) Kaliforniako etxera bidaiatuko du, erretirorako etxe aproposa topatu bitartean. Elkarbizitzak iraganeko oroitzapen samingarri bezain malenkoniatsuak ekarriko dizkie aitari zein semeari, orainaldian ere, burua galtzen hasia den aita laguntzen saiatzen den John bihozberak iraina eta mespretxua baino ez baititu jasoko ordainetan.
Bi aktoreen arteko kimika nabarmena da oso, eta plazer hutsa da ondo eraikitako pertsonaien arteko harremanaren lekuko izatea. Gizon mindu baina lasaiaren paperan Mortensen ezin hobe badago ere, Lance Henriksenen lanak bereganatu du nire arreta guztia. Bigarren mailako roletara ohituta, primerako antzezlana oparitu digu gizonak. Segundo gutxian jarrera erasokor eta hitz zitalenetatik zaurgarritasun absolutura pasatzen da, askotariko xehetasun aberatsez osatutako pertsonaia lortuz. Papera prestatzeko, Henriksenek berak memoria mingarriaren ateak ireki behar izan zituen, guraso zabarren partetik jasotako atentzio faltatik, nolabait, ikasiz.
Antzezlan apartekoak, baina, ez datoz bat filmaren garapen orokorrarekin. Aita laguntzen saiatzen den bakoitzean, erdeinua jasoko du Johnek. Hitz bakegile bakoitzak, beldurren gainean eraikitako oskola baino ez du topatuko, etengabe gudarako gonbitea luzatzen duena. Ontasun-mespretxu dinamika hasieran gogorra egiten bada ere, errepikakorregia bihurtzen da eta indarra galduz doa. Hala, aita laguntzen saiatzen den bakoitzean Johnek pareta batekin egiten badu topo, ikusle bezala, halaxe sentitu nintzen ni ere: bien arteko ika-miketan aurrera egin nahi eta ezin. Liskarretik liskarrera jauzika doa filma, norabide zuzenik gabe eta denborarekin gogaikarriak egiten hasten diren irain eta konfrontazio oso antzekoekin.
Osagai dramatikoa ahulduz badoa ere, istorio hunkigarri polita sortu du Mortensenek, Willisek defendatzen dituen balio kontserbadoreak egungo geure errealitatearekin kontrajartzeko asmoa ere baduena. Izan ere, filmean zehar, argi eta garbi ematen du aditzera zuzendariak bera tipo moderno eta politizatua dela, XXI. mendearen eskakizunei adi. Gay bikote protagonista, alaba adoptatua, konfiantzazko jatetxe thailandiar hipsterra… baita iloba gotikoa ere!
Nire ustez, aktoreak bere buruari egin dion opari ttipia da filma, bere potentzialitate eta zaletasun guztiak biltzeko aukera eman diona. Antzezle, gidoilari eta zuzendari izateaz gain, gitarra ere jo du filmaren soinu bandarako. Gainera, ez du aukera galdu gaztelaniaz zertxobait hitz egiteko zein zaldiekiko bere maitasuna adierazteko. Orotara, zuzendaritza debut honen emaitza ez da txarra eta, egia esan behar badut, Viggok jatorra dirudi benetan…
Dena dela, maisulan baten bila bazatoz, ez duzu hemen aurkituko. Mortensenen lana, ordea, ez da batere makala eta, aldiz, igande arratsalde euritsua pasatzeko filmaren bila bazabiltza, hauxe duzu aukera biribila.