Etxebizitza eskubidea elkarrekin defendatzeko deia egin du Saretxek
'Etxebizitza auzotik eta auzoarentzat' lelopean kalera atera eta mobilizazioa egingo dute Grosen, urriaren 22an. Etxebizitzaren aferarekin lotutako gatazkak aztertuko dituzte.
Auzoko bizilagunak isilpean kanporatzen ari direla salatu du Groseko Saretxek, auzoko etxebizitzaren aldeko sareak. Azora putre funtsak Groseko hainbat eraikin eskuratu zituenetik hainbat bizilagunen egoera larriagoa dela ohartarazi dute: alokairu igoerak, kontratuak ez berritzeak… Gainera, azkenaldian auzoan abian jarri diren “proiektu espekulatzaileak” aipatu dituzte: Claret ikastolaren eraikinaren salmenta, jabetza bertikaleko eraikinak eta Zabaleta kaleko gotzaindegia hotel bihurtzeko lanak, besteak beste.
Egoera honen aurrean, bizilagunak batzeko deia egin du Saretxek. Urriaren 22an mobilizatzeko deia egin dute. Azora putre funtsak Jai Alain eskuratu duen etxebizitza blokean elkartuko dira 20:00etan, eta handik abiatuta, etxebizitzaren aferarekin lotutako gatazkak aztertuko dituzte.
Hiriko eragileak lanean ari dira
Hainbat eragile kezkatuta daude, eta lanean hasi dira. Joan den astean, Donostiako Maizterren Sindikatuak antolatuta, etxebizitzaren inguruko jardunaldiak egin ziren. Bartzelona eta Madrilgo hainbat sindikatu, Bentaberri Alokairu eta Groseko Saretxeko kideak elkartu ziren. Saretxeko Jon Basterra kideak Noticias de Gipuzkoa egunkarian adierazi zuen gero eta maizter gehiago joaten direla euren etxeetatik, ezin dutelako alokairua ordaindu. Besteak beste, Azora putre funtsak eskuratu dituelako auzoko hainbat eraikin: “Ia hilabetero ‘etxegabetze isilak’ gertatzen dira auzoan. Euren etxeak uztera behartzen dituzten pertsonak dira. Donostiako Udalak dio etxegabetzerik ez dagoela Donostian, baina hori gezurra da, Grosetik botatzen gaituzte. Dendak ixten ari dira, eta bizilagunak badoaz, egunero ikusten ari gara egoera hau. Hau guztia elkarrekin gelditu behar dugu”.
Irutxuloko Hitzak ere jardunaldien berri eman zuen. Nuria Comerma Sindicat de Llogateresko kidea elkarrizketatu zuen. “Elkarrekin baldin bagaude, errazago borrokatuko dugu funts putreen aurka”, adierazi zion hedabide honi. Katalunian alokairuaren prezioa arautzeko lege bat onartu berri dute, eta hau lortzeko egindako lanaren inguruan hitz egin zuen Comermak.
Azorak 300 bat etxebizitza eskuratu ditu
Azora funts espainola Inmobiliaria Vascongada enpresaren eskutik heldu zen Donostiara, ordurako agerikoa zen sekretua otsailean azaleratuz: inbertsio funtsak enpresa donostiarra erosi du, eta operazio horrekin, haren jabetzakoak ziren hiriko higiezin ugari bereganatu ditu.
Akordioaren zifrak ezkutuan mantendu dituzte bi aldeek, baina eskualdatu dutena ikusita, hor mugitu den diru kopurua sekulakoa izan dela ondoriozta daiteke: 300 etxebizitza inguru, 50 bat etxabe eta ia 80 garaje, hainbat eraikinetan banaturik.