Hamabost urte dira Ametsenea gaztetxea bota zutenetik
2005eko otsailaren 11an okupatu zen Ametzagaña kaleko eraikina, eta hilabete batzuk geroago bota egin zuten.
2005eko urriaren 25ean, goizeko 6:50ak zirenean, Ertzaintza Egiako Ametsenea gaztetxera sartu zen, eta hustu egin zuten. Ondoren, hondeamakinak sartu eta eraikina bota egin zuten. Gertaera salatzeko manifestazioa egin zuten hainbat gaztek, eta udaletxera joan ziren, bertara sartzeko asmoz. Udaltzainek kolpeka hartu zituzten han, eta ez zieten sartzen utzi.
Tentsio giroa nabaria izan zen egun osoan, eta gaztetxea botatzen hasi zirenean, Ertzaintzak gazteen aurka kargatu zuen. Ametzagaña kalean istiluak izan ziren. Aurreko egunetan gaztetxearen aldeko manifestazioa egin zuten auzoan zehar.
Irutxuloko Hitzako Ander Usabiaga kazetariak egin zuen egun horren kronika eta Egiako Gazte Asanbladako Ekain Ormazabal elkarrizketatu zuen Raul Perezek. “Nekea pilatu egin zaigu. Behin baino gehiagotan gaztetxea berehala botako zutela pentsatu izan dugu. Hala ere, kementsu jarraitzen dugu. Salaketa garaia da orain. Batetik, Udalaren jarrera gaitzetsi nahi dugu.Auziarekin zerikusirik ez duela dio, baina finean, udalak berak erosi zuen eraikina. Gainera, bertan egin nahi duten osasun etxea, auzo elkarteak dioen bezala, ez da batere duina. Mojen jarrera ere salatzeko modukoa da, eraikina saldu zutelako; hain justu, gu biziberritzen hasi ginenean. Eta EAJ ere ezin ahaztu, bere polizia bidali zuelako atzo”, adierazi zuen Ormazabalek elkarrizketa hartan. Izan ere, eraikin hura mojen ikastetxe bat izan zen, eta ondoren, udalak eskuratu zuen. Eraikina bota zutenean etxebizitzak eraiki eta egungo anbulatorioa egin zuten.