Alkateak ezinezkotzat jo du San Sebastian eguna bere horretan ospatzea
San Sebastian eguna ospatzeko eta Olentzeroren eta Errege Magoen desfileak egiteko "modu alternatibo eta sinbolikoak" bilatzen ari da udala, eta San Tomas eguna ospatzea "ezinezkoa" dela esan du Eneko Goia alkateak.

Udalak joan den astean baieztatu zuen kolokan zeudela abendutik otsailera bitarteko jai guztiak, eta Eneko Goia alkateak baieztatu du horiek guztiak bere horretan ospatzea “ezinezkoa” izango dela. Tokiko Gobernu Batzordearen osteko prentsaurrekoan egin ditu adierazpenak. San Sebastian eguneko danborradei dagokienez, esaterako, nabarmendu du “bistan” dagoela ezin izango dela haur danborraden desfilea egin, eta helduen danborradak ere ezin izango direla ohiko moduan kaletik ibili.
Alkateak azaldu du ostegunean bilduko dela bozeramaileen batzordearekin, gainontzeko udal taldeei udal gobernua aztertzen ari den aukeren berri emateko. Era berean, adierazi du udal gobernua azaroan bilduko dela berriz haur eta helduen danborradekin, San Sebastian eguna ospatzeko “modu sinbolikoak” bilatzeko.
San Tomas, Olentzero eta Errege Magoak
San Tomas egunari dagokionez, Goiak adierazi du “ezinezkoa” dela ospatzea, “San Sebastian egunarekin gertatzen den moduan, jaiaren osagai guztiak jende pilaketan oinarritzen direlako”. Alkateak ez du itxi modu sinbolikoan jaiari “keinuren bat” egiteko aukera, baina “oso zaila” iruditzen zaiola azpimarratu du.
Olentzerori eta Errege Magoei buruz ere hitz egin du Goiak, eta azaldu du “begien bistakoa” dela ezinezkoa izango dela ohiko desfilea egitea, jende pilaketak ekiditeko bidean, “legeak debekatzen duelako eta udal honek arduraz jokatu nahi duelako”. Hala ere, formula alternatiboak aztertzen ari direla azaldu du, eta jakinarazi du laster emango dutela erabakiaren berri. Ez du aurreratu zein izango den erabaki hori, baina esan du Olentzero eta Errege Magoak toki bakar batera joan beharrean, toki gehiagotara joan beharko direla, haurrak bisitatzeko. Hala ere, lasaitasuna helarazi nahi izan die hiriko haurrei, bermatu baitu aurten ere Olentzero eta Errege Magoak Donostian izango direla.