Cementos Rezolak enpleguaren aldi baterako erregulazioa kendu du
Cementos Rezola porlan enpresako zuzendaritzak eta LAB sindikatuak hitzarmena egin dute enpresak apirilean ezarri zuen aldi baterako enpleguaren erregulazio espedientea kentzeko. Horrela, enpresako langile guztiak lanera itzuliko dira, tartean Añorgako lantegiko 106 langileak; beste 94 langile dira Arrigorriagan (Bizkaia), eta beste 130 Malagan (Andaluzia, Espainia). Horretaz gain, Cementos Rezolaren jabeak, Heidelberg Cement Groupek, azaldu du gauza bera egingo duela bere esku dauden beste zortzi fabriketan.
Astelehenean eman zuen akordioaren berri LABek, eta azaldu zuen Espainiako Auzitegi Nazionalak gaia aztertu behar zuen egun berean lortu zuela akordioa; beraz, salaketa kendu du sindikatuak. LABen arabera, aldi baterako erregulazioak ez zuen oinarririk, koronabirusaren ondorioz jarritako erraztasunagatik aurkeztu baitzuen porlan enpresak. Era berean, sindikatuak salatu du enpresak beste behargin batzuk azpikontratatu dituela etxera joandako langileen lana egiteko. Orain, etxean geratu diren egunetan galdutako soldataren zati bat konpentsatuko die Cementos Rezolak langileei. LABek nabarmendu du akordioa “garaipen handia” dela.