Igeldoko hiru galtzada konpontzeko kontratua adjudikatu du udalak
Donostiako Udalak Excavaciones y Transportes ORSA enpresari adjudikatu dio Igeldoko Agiti, Marabieta eta Arritxulo bideetako galtzadetako konponketak egiteko kontratua. Lanek hiru aste iraungo dute, eta 56.694 euroko aurrekontua izango dute. Eneko Goia alkateak adierazi du ahalik eta azkarren hasiko direla lanekin, eguraldiak ahalbidetzen duenean.
Lanak kontratatzeko espedienetea onartu zutenean alkateak azaldu zuenez, Agiti bidean Iturrietako Benten eta Buztintxuri bideko sarbidearen artean egingo dituzte konponketak, 900 metroko tartean, alegia. Arritxulori dagokionez, 20, 25 eta 50 metroko zati txikitan egingo dituzte lanak, baina baita Juandegi Haundi eta Juandegi Txiki baserrien arteko 50 metroko tarte batean ere. Marabieta bidean, aldiz, Gure Pakea eta Arretxe baserrien arteko 110 metroko tartean egingo dituzte lanak. Lanak direla eta bideak mozten dituzten egunetan, inguruko baserrietarako sarbideak bide alternatiboen bitartez bermatuko dituzte.