Zaurgarritasun egoeran dauden adingabeen familiei laguntzeko zerbitzua kontratatzeko espedientea onartu du udalak
Donostiako Udaleko Tokiko Gobernu Batzordeak Gizarte Ekintza arloko arreta sozioedukatibo eta psikosozialeko zerbitzua kontratatzeko espedientea onartu du. Hain justu, zaurgarritasun edo babesgabetasun egoeran dauden adin txikikoekin esku hartzeko programaren baitan dago arreta hori, eta zerbitzua eskaintzen duten profesionalek laguntza sozioedukatiboa eta psikosoziala eskaintzen diete familiei, adin txikikoekin eman daitezkeen gatazkak, zainketa falta eta ohitura eta portaera kaltegarriak kudeatzen eta saihesten laguntzeko, baita bizikidetza eta gizarteratzea errazten duten gaitasunak eskuratzeko ere ere. Kontratuak urteko 1.312.000 euroko aurrekontua du, eta hiru urteko iraupena izango du, bi urtez luzatzeko aukerarekin.
Eneko Goia alkateak azaldu du oso zerbitzu garrantzitsua dela hori, eta datu batzuk eman ditu. Hain zuzen, azpimarratu du 2019an 115 familiak izan zutela terapeuta baten laguntza bat zerbitzu horren bitartez, eta beste 241 familiak zerbitzuko hezitzaileengana jo zutela.