Beldurrezko Asteko abonamenduak soilik Internet bidez eskuratu ahal izango dira
Donostiako 31. Fantasiazko eta Beldurrezko Astea iristear da –urriaren 30etik azaroaren 6ra izango da–, eta abonamenduak datorren astean jarriko dituzte salgai, soilik Internet bidez. Izan ere, koronabirusa dela eta, Antzoki Zaharreko eta Viktoria Eugenia antzokiko edukierak erdira murriztuko dituzte, eta arriskuak murrizteko bidean, abonamenduak Internet bidez baino ez dituzte salduko.
Jaialdiko sail ofizialeko programazioa bi antzokien artean banatuko dute aurten, ordutegiak txandakatuta, eta nazioarteko film laburren maratoia kenduta, gainontzeko film guztiak behin baino ez dituzte proiektatuko. Horrela sail ofizialeko film guztiak ikusi nahi izanez gero, bi abonamendu erosi beharko dira, antzoki bakoitzeko bat. Bi abonamenduak egun berean jarriko dituzte salgai, baina bereizita erosi beharko dira, eserlekua aukeratuta. Datorren ostiralean, urriaren 23an, 11:30ean, jarriko dituzte salgai abonamenduak, Donostia Kulturaren webgunean; 150 abonamendu izango dira. Antzoki Zaharreko abonamenduek 41 euroko prezioa izango dute eta Viktoria Eugeniakoek 36 eurokoa; pertsona bakoitzak gehienez bi abonamendu eskuratu ahal izango ditu, eta biak erosten dituztenek Beldurrezko Astearen katalogo bat eta 2000maniacos fanzinea jasoko ditu.
Abonamendua paperean inprimatu edo mugikorrean deskargatu ahal izango da, baina horrek ez du balioko proiekzioetan sartzeko. Hain zuzen, abonamendua erakutsita, emanaldi bakoitzeko paperezko sarreren trukea egin beharko da, urriaren 28an eta 29an Viktoria Eugenia antzokiko Okendo plazako areto balioanitzean, 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara.
Sarrera solteak
Abonamenduez gain, urteroko legez, sarrera solteak ere erosi ahal izango dira. Hilaren 27an jarriko dituzte salgai Donostia Kulturaren webgunean, 11:30ean, eta hilaren 29ra arte erosi ahal izango dira, 7,50 euroren truk. Urriaren 30etik aurrera, geratzen diren sarrerak bi antzokietako leihatiletan jarriko dituzte salgai. Sarreren kasuan ere pertsona bakoitzak bi sarrera eskuratu ahal izango ditu gehienez.