Kutxa Kultur Musika Tabakalerako egonaldi artistikoetako izen-ematea ireki dute
Kutxa Kultur Musika programaren 2021eko deialdia zabalik da, eta Gipuzkoako talde eta bakarlariek azaroaren 6ra arte eman dezakete izena. Kutxa Kultur Fundazioak 2013an sortutako programa da, Gipuzkoako talde edo bakarlarien hazkundea eta garapen profesionala bultzatzeko helburuarekin. Aurkeztutako proiektu guztien artean, programako epaimahaiak sei hautatuko ditu gutxienez, eta urte osoko egonaldi artistikoa eskuratuko dute Tabakaleran. Diskografia kontraturik indarrean ez izatea eta Kutxa Kultur Musika programaren azken bi deialdietan hautatua izan ez izana dira 2021eko egonaldian parte hartzeko baldintza nagusiak.
Egonaldia eskuratzen dutenek, Tabakalerako entsegu lokaletako bat erabili ahal izango dute, eta euren proiektuaren araberako kontzertu eta prestakuntza egutegia izango dute, diskografia banaketa (hala badagokie), hedabideentzako aurkezpenak, eta abar. Era berean 1.200 euroko balioa duen bideoklip bat egiteko aukera emango zaie, eta kontzertu bakoitzarengatik 400 euro jasoko dituzte egonaldian zehar. Egonaldi guztian zehar aholkularitza profesionala jasoko dute ikuspegi artistikoari dagokionez, sare sozialen kudeaketari dagokionez, eta abar. Hautatutako sei talde edo bakarlariak abenduan aurkeztuko dituzte. Deialdiaren informazio eta baldintza guztiak eta izena emateko inprimakia Kutxa Kulturren webgunean daude.