Murrizketen aurkako elkarretaratzea egingo dute jangeletako langileek ostiralean
LAB sindikatuak deituta, hezkuntza zentroetako jangeletako langileek elkarretaratzeak eta batzarrak egingo dituzte Euskal Autonomia Erkidegoko hiru hiriburuetan, ostiralean; Donostiakoa Andia kalean izango da, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza sailaren ordezkaritzaren aurrean, 18:00etan. Izan ere, jangeletako langileek grebara joko dute hilaren 21ean, 27an eta 29an, euren sektorean egin dituzten murrizketak direla eta.
Sindikatuak salatu du murrizketa handiak egin dituztela jangela zerbitzuan, hala nola, ordutegi berarekin langileei lan karga handiagoa jartzea, langile askori oraindik lan egitera joateko deitu ez izana eta jangelako bi txanda egiten ziren ikastetxeetan orain denbora berean hiru txanda egitea. Horretaz gain, salatu dute kasu askotan ez dituztela koronabirusaren aurkako osasun neurri nahikoak hartzen, baita Hezkuntza sailari bilera bat eskatu diotela ere, baina ez dutela erantzunik jaso. Horregatik guztiagatik, ratioak jaisteko, lanaldiak igotzeko eta langileen osasuna bermatzeko eskatu dute.