Idoia Santamaria itzultzaile donostiarrak irabazi du Euskarazko Literatura Itzulpenaren Euskadi saria
Eusko Jaurlaritzak emateko gelditzen ziren Euskadi Literatura sariak eman ditu, eta Idoia Santamaria Urkaregi itzultzaile donostiarra izan da sarituetako bat. Hain justu, Euskarazko Literatura Itzulpenaren saria jaso du Santamariak, Ingeborg Bachmann idazle austriarraren Aldibereko liburuarekin –Simultan da jatorrizko izenburua– egindako lanarengatik.
Santamariaren sariaz gain, honako sari hauek eman berri dituzte: Aixa de la Cruz Regulezek jaso du Literatura Gaztelaniaz saria Cambiar de idea lanarekin, Uxue Alberdi Estibaritzek Saiakera Euskaraz saria jaso du Kontrako eztarritik lanarengatik eta Borja Barrague Calvok Saiakera Gaztelaniaz saria eskuratu du Larga vida social a la democracia lanarekin. Bestalde, joan den astean beste hiru Euskadi sari eman zituzten: Karmele Jaio Eigureni eman zioten Euskarazko Literatura saria Aitaren Etxea obrarengatik, Iñigo Astiz Martinezek jaso zuen Euskarazko Haur eta Gazte Literatura saria Joemak eta Polasak lanarekin eta Miren Asiain Lorak eskuratu zuen Lan Literarioaren Ilustrazioa saria Un millón de ostras en lo alto de la montaña obran egindako lanarengatik.