San Bartolome komentuko baranda berezia botako dutela salatu du Ancorak
San Bartolome komentuko baranda rocalleur estilokoa da, harri-hondarrezkoa, oso ohikoa XIX. mendearen bigarren erdialdean eta XX. mendearen hasieran. Ancora Ondarearen Babeserako Elkarteak azaldu du askotan ez zaiela behar duten balioa ematen halako piezei, baina nabarmendu du ondare balioa dutela. Horregatik, salatu du gune horretan egiten ari diren lanak direla eta, baranda guztia bota egingo dutela, eta deitoratu du “tratamendu hutsala eta artifiziala” emango diotela.
Halako estiloko barandak eta bestelako piezak lorategi paisajistetan jartzen ziren, inguru naturalarekin bat egin eta natura idealizatu bat islatzeko helburuarekin. Gipuzkoa aitzindaria izan zen estilo horretan, Zumaiako eta Añorgako porlan lantegiak baliatuta. Hain justu, San Bartolomekoaz gain, Donostian horrelako beste pieza asko egon ziren, eta batzuek zutik jarraitzen dute.
Ancora elkartearekin hitz eginda, San Bartolomeko kasua aztertu du IRUTXULOKO HITZAk, eta Donostiako beste kasuak ere jaso ditu; erreportaje osoa ostiralean irakurri ahal izango da, astekariko Atzera Begira atalean eta webgunean.