Auzoarentzat lan egin duen bazarra
40 urte inguru daramatza Carlos I bazarrak kale horretako izkinan, eta 'Gallego' izenez ezagutu da betidanik. Neme Fociños azken jabearen adeitasuna, gertutasuna eta profesionaltasuna nabarmendu dute bizilagunek. Duela aste batzuk ezustean hil zen, eta haren alarguna dendarekin zer egin aztertzen ari da. Saldu ezean, betirako itxi beharko ditu ateak.
Duela 40 urte inguru, Belisario izeneko gizon batek bazarra zabaldu zuen Karlos I.a kalean, eta kalearen izena jarri zion dendari. Auzoan, berriz, Gallego izena jarri zioten bizilagunek, Galiziakoa baitzen Belisario, eta denetarik saltzen eta konpontzen zuen bazar horietakoa zen berea: erlojuak, etxetresna elektrikoak, pilak, eta abar. «Belisariorekin tratua ezinhobea zen, oso eskuzabala baitzen», nabarmendu du Maria Arangurenek, Carlos I Optikako jabeak. «Walkmanak eta lehen entzungailuak saltzen ziren garaiko gabonak oroitzen ditut. Dendak bi sarrera dituenez, bat itxi egiten zuen. Denda jendez betetzen zenean, beste aldea ere ixten zuen, eta kanpoan ilara egiten zen. Barruan zeuden guztiek erosketak amaitzen zituztenean, itxita izaten zuen atetik irteten ziren eta talde berri bat sartzen zen», kontatu du Arangurenek. «Are gehiago, Donostiako beste hainbat auzotan bizi diren hainbat lagunek esan izan didate, esaterako, euren lehen entzungailuak Belisariori erosi zizkiotela», gehitu du.
Hain zuzen ere, Belisariorekin lanean hasi zen Neme Fociños, bera ere Galiziakoa. «Soldadutzatik iristean, Nemek Windsor taberna hartu zuen. Denda ondoan zegoen, egun Plaza taberna dagoen tokian. Belisario hara joaten zen kafea hartzera, eta han elkar ezagutu zuten», azaldu du Begoña Calok, Nemeren alargunak. «1994an, ezkondu ginen urtean, Nemek taberna eskualdatu zuen, eta dendan hasi zen lanean», gehitu du. Eta ezinbesteko bihurtu zen. Belisario jubilatu egin zen, eta 2012. urtean negozioa erosi zuten. Begoñak ere dendan egiten du lan: «Oso erraza zen bere ondoan zoriontsu izatea. Elkarrekin lan egiten bagenuen ere, ez ginen bestearen konpainiaz nekatzen eta ez genuen eztabaidarik izaten».
Adeitasuna eta profesionaltasuna
Duela aste batzuk, bezero batekin zegoela, bihotzekoa eman eta hil egin zen Fociños. Bere familia ez ezik, auzoa ere atsekabetuta utzi du haren heriotzak, oso ezaguna baitzen. «Oraindik ezin dut sinetsi. Niretzat, lagun bat ere bazen», esan du Arangurenek. Gainera, lanerako zuen balioa azpimarratu du: «Nik ere saltoki bat dut, eta, askotan, bezeroak irtenbide baten bila datozenean, eurek nahi dutena ulertu eta erabakia zuk hartu behar duzu. Informazio guztia ematen badiozu, nahastu egiten dira. Nemek erabakitzeko gaitasun hori zuen, eta, gainera, modu zintzoan egiten zuen. Adibide bat: garbigailu bat erosi nahi bazenuen, eta horri buruzko erabaki egokia hartu nahi bazenuen, Nemek lan hori eginda ematen zizun. Eta hori oso erosoa da edonorentzat». Alberto, Amara Berriko bizilagun bat, guztiz bat dator hitz horiekin: «Auzoan ezinbestekoa zen. Arazo guztientzat konponbidea zuen, eta, gainera, haren borondate onenarekin laguntzen zigun, gu pikutara bidali ordez. Oso pertsona adeitsua zen. Are gehiago, honen erdigunea zen».
Auzoan ezinbestekoa zela agerian geratu zen hil ondoren egin zioten omenaldian: «Benetako ikuskizuna izan zen. Plaza osoa bete genuen, berak eskainitako zerbitzua txalotu eta esker ona emateko», nabarmendu Iban Lacayak, Capricis tabernako jabeak. Horri lotutako anekdota bat gogoratu du Fociñosen alargunak: «Bezero bakoitzarentzat esaldi bat zuen, berari beste inori esaten ez ziona. Omenaldiaren egunean, esaldi horietako batzuk idatziz ekarri zituzten bezeroek eta dendan jarri zituzten. Ez zen bat bera ere errepikatzen».
Saltokia oso bere egin zuen Fociñosek: «Bere bizimodu bihurtu zuen, eta auzoarentzat lan egiten zuen pertsona horietako bat zen. Bagenekien edozertarako berarekin kontatu genezakeela», nabarmendu du Lacayak. Gainera, denetarik saltzen duten bazar horietako bat ere izaten jarraitzen zuen. «Gu hankamotz geratu gara, denetarik erosten baikenion, eta produktuak beste lekuetan baino merkeago topatzen baikenituen», nabarmendu dute Estensoro harategiko Maite eta Eva Irastorzak. Epeka ordaintzeko aukera ere eskaintzen zuen. «Orain oso ohikoa da txartelarekin finantzatu ahal izatea, baina duela hamar urte ez zen hainbeste tokitan aukera hori eskaintzen».
Saldu edo itxi
Fociñosen heriotza dela eta, Calok ezingo du negozioarekin aurrera egin. «Nik ez dut denda hau bakarrik eramateko ezagutza tekniko nahikoa. Uste dut produktu guztiei lotutako aholkularitza zerbitzua eskaintzeko aukera izan gabe, hobe dela hemen ez jarraitzea», esan du.
Hala ere, ez daki oraindik zer gertatuko den saltokiarekin. «Saltzen saiatuko gara», kontatu du. Eroslerik ez badago, betiko itxi beharko dute. Bitartean, bi astez, lehenagotik egindako eskaerak jasotzeko eta ordaintzeko aukera eman die bezeroei. Gaurko goiza —09:00etatik 13:00etara— izango da eskaera horiek jasotzeko azken eguna. Eta, momentuz, ateak itxiko ditu Gallegok.