"Egiak potentzial handia du kulturartekotasuna lantzeko"
'Hau Egia da!' egitasmoa auzoko kulturartekotasuna jorratzeko helburuarekin jaio zen duela urte eta erdi. Lehen fasea amaituta eta bigarrena hasi aurretik, gaur arratsaldeko 18:00tan Egiako kultur etxean auzotarrei aurkeztuko diete hainbat eragilek. Prozesuan, besteak beste, Bagera Elkarteko Elene Lopetegi aritu da lanean.
Zertan datza Hau Egia da! egitasmoak?
Hau Egia da! egitasmoak kulturartekotasuna jorratu nahi du Egia auzoan. Ardatz hori hartuta, parte hartze prozesu bat egin nahi da, eta auzotarren artean, bai iritsi berri direnen artean, bai urte asko daramatzatenen artean, nolabaiteko erronka bat planteatu.
Nondik sortu da?
Proiektua orain dela urte eta erdi jaio zen. Egian kultur aniztasuna lantzen duten hainbat eragileren artean ikusi zen gai hau lantzeko beharra zegoela, azkeneko urteetan Egian bizitako aldaketa demografiko eta urbanistikoak direla medio. Besteak beste, Tabakalera, Ongi Etorri Eskolara, Sos Arrazakeriak, Udala, Dar-Dar produkzioak, Emaus, Egia Bizirik eta Bagera Elkartea aritu gara horretan. Bilerak egiten hasi ginen, eta egitasmoa garatzen hasi zen pixkanaka.
Zergatik da inflexio puntu bat oraingoa?
Hasieran, proiektuak hainbat fase izango zituela zehaztu genuen. Lehen fasea izan zen diagnostiko bat egitea, uste genuelako esku-hartzeak edo beste ezer egiten hasi baino lehen, beharrezkoa zela auzoa eta zegoen problematika ondo ezagutzea. Diagnostikoa bukatu da dagoeneko, eta parte hartze prozesuetan sartuko gara. Hau da, auzoari irekiko zaio proiektua. Hori dela eta, hurrengo fasea hasi baino lehen, aurkezpen bat egin beha zela ikusi zen, orain arte egindako lana erakusteko eta aurrera begirako erronkak planteatzeko. Gainera, aipatzekoa da diru laguntza bat jaso genuela, eta horrek bultzada eman diola, baliabideak jaso baikenituen hau guztia kaleratzeko.
Zer ikusi da diagnostiko horretan?
Auzoko espazio desberdinen inguruan sakoneko elkarrizketak, eztabaida taldeak eta behaketak egin dira diagnostiko horretan. Eta aditzera eman duena da auzoan problematika dezente dagoela gaiarekin lotuta. Batetik, auzora iristen direnen beharra ez daude asetuta, besteak beste, etxebizitzaren gaia, lanaren gaia, paperen gaia, eta abar. Bestetik, elkarbizitzan ez ditugu espazioak partekatzen.
Parte hartze fasea hasiko dela nabarmendu duzu. Zer egingo duzue?
Parte hartze prozesuko ideia da biltzen hastea. Datorren astean, hilaren 23an, izango dugu lehenengo saioa, bai diagnostikoan parte hartu dutenekin, bai auzoko eragile desberdinekin, diagnostiko horretatik ateratako erronkak definitzen hasteko, zein ekimen zehatz egin daitezkeen ikusteko… Gure asmoa da saioz saio joatea erronka hauek lantzen.
Zuen kasuan, eragile bezala, zergatik zen garrantzitsua egitasmoan parte hartzea?
Egian programa bat daukagu; etorri berriei euskarara hurbiltzeko saio batzuk osatzen dute eta urte dezentetan egin dugu. Gainera, uste genuen proiektu honetan ere hizkuntzaren perspektiba hori txertatzea garrantzitsua zela. Bestela esanda, hizkuntza aniztasuna lantzea ere ezinbestekoa zela ikuste genuen. Era berean, uste dugu oraindik asko dagoela egiteko euskara izan dadin harrera hizkuntza etortzen direnentzat.
Zergatik da garrantzitsua auzoarentzat?
Egiak potentzial handia du kulturartekotasuna lantzeko. Gainera, bizilagun berri dezente etorri dira azken urteetan, baina elkarbizitza oraindik ez da ematen. Alegia, ikusten genuen gauza asko egiteko zeudela bizikidetza eta kulturartekotasun hori modu batean edo bestean emateko. Era berean, auzotar zuriek euren pribilegioak kuestionatzeko garrantzitsua dela uste dugu. Eta, oro har, hausnartu eta esku-hartzeak egiteko, eta praktikara eramateko askotan teorian esaten diren gauza horiek guztiak: elkarbizitza, kulturartekotasuna…
Gaurko aurkezpenaren helburu nagusia diagnostikoa aurkeztea izango da?
Bai. Gaurko helburu nagusia diagnostikoa aurkeztea da, auzoari erakustea egin den lana, eta apur bat aurrera begirakoa azaltzea. Auzoak ezagutu dezan zertan ari diren lanean.
Deialdi irekia da?
Bai. Baina edukiera mugatua dugu, 43 lagunekoa, oker ez banago. Iristen diren lehenak sartuko dira.