Ehiza sasoia abian, baina ez Ulian
Urtero legez, urriaren 12an ireki zen guztiz ehiza denboraldia eta akabo naturaren lasaitasuna. Legala den jarduera batzuek ilegal egiten dute, fauna berreskuratzeko zentroari lana emanez. Taldeok erne eta Fiskaltza prest. Adi, begiak ireki. Garai gogorra da, baina Ulian gehiagorik ez.
Gerra garaian gaudela dirudi. Mendian bakerik ez. Pertsona armatuak edozein bazterretan eta tiro hotsak naturaren armonia hausten. Kontuz! Ehiza denboraldian sartu gara. Kirola dela diote, baina izerdia animaliek botatzen dute ihesean, akabatuko ote dituzten beldurrez. Izerdia, mendizaleena, postuen aldamenetik pasatzea egokitzen zaienean hegazti taldea hurbiltzen ari dela, ezustean ondo-ondoan su egiten dutenean edo debaldeko perdigoi dutxa hartzen dutenean. Izerdia ehiza kontrolatu behar duten basozainena edo tiroz zaurituriko animaliak sendatzen saiatzen direnena. Heriotza zigorra den batzuen zaletasuna, askoren sufrikario eta atsekabe. Arauak errespetatuz, legala, jakina, baina zu behatzen eta gozatzen ari zaren animalia beste batek akabatzea zilegi al da? Gose kontua balitz sikiera.
Udazkena: perretxikoak, gaztainak eta hegaztiak
Garai batean garoa moztu eta metak egiten ziren, oraindik usadioari eutsiz Donostiako baserriren batean ikus daitekeenez. Sagarrak lurretik kizki bidez biltzeko unea da, gaztainak hartzekoa edo perretxikoak bilatzekoa. Udazken koloreak basoak eta magalak apaintzen ditu, hegaztiak eguraldi egokiago baten bila, hegoaldean dituzten neguko gordelekuetarako bidaian doazen bitartean. Ikuskizun aparta eta zorte handia gurea, Pirinioetatik mendebaldeko pasabidean egonik, migrazio horren lekuko zuzenak izan baitaitezke. Horri esker hemen ohikoak ez diren edo urriak diren espezieen presentziaz goza dezakegu. Zenbatek poz handiz hartzen dugu hegazti taldeen pasea, txoritxoak direla, harrapakariak direla, miru gorriena kasu. V forma duten taldeak, ubarroiena edo mokozabalena, esaterako, edo nahas-mahasean doazenak, era anitzeko multzoak eta hodeitxoak osatuz, Donostia gainetik bertatik ere igaro ohi dira. Ikustea ala ez arreta kontua da maiz.
Udaberrian, araldian, kantu-algaran entzuten ditugu eta udazkenean, modu apalagoan egiten badute ere, ez dira isiltzen, komunikazio kontua da. Eta horregatik hain zuzen ere konturatuko gara batzuk gainean ditugula. Kurruka, karranka, kurrixka ala txioka, ahopeka ala garrasika sentituko ditugu, kurriloak kur-kur, kur-kur, kur-kur egiten zerua zeharkatzean hor daudela adierazten diguten legez. Orain, azalduriko magia hori guztia amen batean joan daiteke dinbi-
danba batekin.
Igeldoko Arrano Etxea, basoko faunaren sendalekua
Gipuzkoa osoko basoetako fauna artatzeko eta sendatzeko ospitalea da Arrano Etxea, eta 35 urte luze daramatza zeregin horretan. 10.000 animaliatik gora iritsi da bertara eta horietatik erdia baino gehiago osatu edo indartu ondoren, berriz ere askatu dira ingurune naturalean.
Zoritxarrez, asko ehiza garaian tirokaturiko hegaztiak dira. Zorrozki babestutako espezieak direnean gertaerak delitu izan litezke eta Ingurumen Fiskaltzara jo behar da ikertuak izan daitezen. Tamalez, hasi berri den bidea da eta oraindik emaitza gutxikoa, baina natur taldeok eta ekologistak elkartuta jarraituko dugu lanean.
Ospe handiko jatetxeetan ilegalki salgai
Edozein ehizaki ezin da salerosi, komertzializatu daitezkeen espezieak zein diren araudiek finkatzen dutelarik. Lehen ohikoa zen jatetxetako menuetan horrelakoak eskaintzea, baina azken urtetan bakar batzuk soilik eskaintzen dizkiete bezeroei, betiere kartatik at. Halere tarteka baten bat despistatu egiten da plateren zerrendan aukeran jarriz. Jatetxe ezagunak dira batzuk eta bitxia da urteetan inor konturatu ez izana, horietan politikariak eta administrazioko arduradunak ikusi ohi direlako. Hegazti batzuk lehenik ilegalki ehizatuak, esperoan edo erakargarriak erabilita, esaterako, eta ilegalki salduak, azkenik. Beraz, adi jatetxetan eta birigarroak, txoritxoak edo oilagorra eskainiz gero, salatu.
Ulian ehiza gehiagorik ez
Hiria handitzen joan den heinean, landa eremua azalera galtzen joan da, artifizializazio maila gora doalarik. Asko gara lurralde txikian eta mendizaletasuna eta naturzaletasuna areagotu egin da azken urteotan. Hortaz, ehizan aritzeko tokiak urritu dira eta gatazkak areagotu.
Segurtasuna lehenbizikoa da eta badira urteak Donostiak Segurtasun Alderdia zabaldu zuela. Hala eta guztiz ere, ohiko pasabidetako ehiza lerroetako postuetan posible zen ehizatzea berariazko araudia betez gero. Ulian, erabiltzaile asko zegoela ikusita –milaka lagun hilero–, udalak debekatu zituen herri lurretan postuak eta ehiza, baina jarduerak jarraitu zuen lursail pribatuetan. Auzitegietan ibilbide luze eta korapilatsua egin ostean, segurtasunaren bermean justiziak Foru Aldundiari eta Pasaiako zein Donostiako Udalei arrazoia eman dien arte, Ulian azkenik ehiza galaraziz. Urte askotako borroka, elkarte, talde eta mugimendu ugarik bultzatuta eta kemenez irabazita. Etorriko dira garaipen berriak, baina bitartean, errespetutik, Ulia bakean gozatu. Gora udazkena eta gora bizitza!