Harri-hondarraren artisauen baranda
Garai batean oso ohikoa zen lorategietan naturarekin bat egiten zuten harri-hondarrezko barandak jartzea. Donostian hainbat egon dira, eta horietako batzuek zutik jarraitzen dute, San Bartolome komentukoak, esaterako. Ordea, Ancora elkarteak salatu du bota egingo dutela.
Asko ez ziren inoiz ohartuko, baina donostiar orok jarri ditu noizbait eskuak enbor itxurako harri-hondarrezko edo porlanezko barandaren batean. Izan ere, hiri paisaiaren parte izan dira XX. mende guztian zehar, hainbat tokitan egon baitira; besteak beste, San Bartolome komentuan. Ancora Ondarearen Babeserako Elkarteak azaldu du sarritan ez zaiela merezi duten balioa ematen horrelako piezei, eta salatu du inguru horretako lanak direla eta, San Bartolomeko baranda guztia eta sarrerako atea botako dituztela.
Horrelako barandak oso ohikoak izan ziren XIX. mendearen bigarren erdialdeko eta XX. mendearen hasierako lorategi paisajistetan, rocailleur artisauen artean. Harri-hondarrarekin edo porlanarekin diseinu ilusionistak egiten zituzten, eta natura idealizatu bat irudikatzen zuten.
Ancoraren arabera, San Bartolomeko baranda 1908koa izan daiteke, baina ez dago dokumentazio zehatzik. Baranda platanoz inguratutako goranzko bidearen ertzetan eraiki zuten, baina Ancoraren arabera, botatzen dutenean, “natura alde batera utziko duen tratamendu hutsal eta artifiziala” emango diote gune horri.
‘Rocailleur’ estiloko beste batzuk
Ancorak azaldu duenez, Gipuzkoa aitzindaria izan zen estilo horretan, Añorgan eta Zumaian porlan lantegiak zeudelako. Hain justu, Donostian, San Bartolomekoaz gain, honako toki hauetan egon dira halako obrak: Aieteko lorategietako haitzulo artifizialean, Alderdi Ederren Pierre Ducasse lorezainak diseinatutako Mendi Errusiarra izeneko muinoan, Gipuzkoa plazan –hori ere Ducasserena–, Uliako landa txalet handi batean, Igeldoko jolas parkean, Ategorrietako Chascomus etxean eta hainbat ikastetxe erlijiosotan ama birjina jartzeko eraikitako haitzuloetan.
Horietako batzuk gaur egunera arte heldu dira, hala nola, Aieteko haitzuloa. Ordea, beste asko “esku-hartze katastrofikoetan” desagertu egin dira, Gipuzkoa plazako jatorrizko baranda, kasu. Ezustekorik izan ezean, San Bartolomekoak bide bera jarraituko du.