Hotza aldentzeko udako ipuina
Klaseak amaitu direla ospatzeko, lagun baten txalupa hartu eta itsasora abiatu zara. Olatuen kulunka, baina, oldarkorra bilakatu da bat-batean, zerumugan agertu den ekaitza dela-eta. Txalupa irauli eta uretara jauzi zara. Bakarrik eta beldurrez, laguntza eske oihukatuko duzu. Zorionez, beste txalupa batek entzun ditu aieneak, eta gerturatzen den heinean, zure salbatzailearen figura zehaztuz doa, liraina eta konfiantzaz beterikoa, Grezia klasikoko kanonak agindutakoaren arabera zizelkatua bezalakoa. 1985eko uda da, eta zu lehen aldiz maitemindu zara.
Rohmerren udako filmen antzera, Frantziar kostaldeko herrixkan garatzen da maitasun istorio hau; malekoian gora eta behera egiten diren ibilaldietan, etxe dotoreetan eta gaztetxoen festetan forma hartuz doana. Estetika koloretsuari zein gaiari (80. hamarkadan txertatzen den gizonen arteko amodioa) dagokionez ere, ezinbestean gogoratzen du Été 85-ek Luca Guadagninoren Call me by your name ezagunari.
Lehenengoarekin alderatuta, Rohmerren filmografian ohikoak diren topiko guztiak harenganatu eta optika garaikideago batekin aurkezten ditu Ozonek: homosexualitatea, hezkuntza sistemari keinua, gurasoen papera… Elio eta Oliverren istorioarekin alderatuta, berriz, Ozonek hain berezia zaion ukitu iluna gehitzen du; Italiako iparraldean ez bezala, Normandiako kostan Heriok zelatatzen du bi gazteen amodioa.
Tragedia hasiera-hasieratik usaindu daiteke, hala eta guztiz ere, nahieran eraikiko du hura Ozonek, ikuslearen uste eta itxaropenei jaramonik egin gabe. Nire iritziz arbitrarioegiak diruditen gertakizunen arabera egiten du aurrera filmak, ikusleak aldez-aurretik irudikatu zezakeen tramatik ihesi, narrazioa behin eta berriz kiribilduz.
Hain zuzen ere, istorioak eraikitzeko modu anitzez mintzatzen zaigu filma; gertakariak diskurtsoan asimilatzeko bideez. Alexisen (Feliz Lefebvre) begietatik zein hitzetatik ezagutzen du ikusleak bere eta Daviden (Benjamin Voisin) arteko maitemin sutsua. Alexisen ahotsarekin lerratuta, David bihurtzen da ikuslearen desiraren objektu; bai eta samurtasunaren hartzaile zein jelosiaren arrazoi. Alde horretatik, Benjamin Voisinen lana izan da, niretzat, filmeko elementu gogokoenetarikoa (gogokoena ez bada). Magnetismo ikaragarria zabaltzen du pantaila osoan zehar bere pertsonaiak, gorputzarekin egindako keinu txikienak ere laguntzen duena.
I am sailing
Home again
‘Cross the sea
I am sailing
Stormy waters
To be near you
To be free
Sei astez, maitasunak mundua gelditu eta Normandiako kostako herriaren gainean parentesi erraldoia marraztu du. Udak, baina, ez du betirako irauten. Ezta gaztetasunak ez maitasunak ere. Hala, Rod Stewarten Sailing hileta-abesti bihurtu egiten da eta, Alexisen bizitza osoa buruz behera jartzeko egokia zirudien maitalea urrutiko uda hartako oroitzapena izatera pasako da.
Aire freskoa da Éte 85 Ozonen filmografia zabalean, Canneseko zigiluarekin, Zinemaldian ikusgai egon zena. Jaialdi zirkuitoetan aspaldiko laguna den zuzendariak, argiz betetako zinta aurkeztu du honetan, aretoetan aurkezteko lagunkoiagoa eta ikusleri zabalagoa harrapatzeko kapaza. Aukera polita Ozon ezagutzeko eta, noski, hark bere burua aurkezteko.