Infernuko polizia operazio berrien atzean "udalaren interesak" daudela salatu du Infernua Bizirik mugimenduak
Ertzaintzak bi polizia operazio berri egin zituen ostegun goizean Infernua auzunean, eta Infernua Bizirik mugimenduak hango bizilagunek jasaten duten “jazarpen poliziala” salatu du. Mugimenduaren arabera, “Fabrika” deitzen dioten pabiloian izan ziren berriz bi polizia operazioak, lehena 05:00etan eta bigarrena 08:00etan. Auzuneko gainontzeko bizilagunek, etxetik ateratzean, bigarren operazioarekin egin zuten topo, eta Ertzaintzaren hamabi auto zeudela nabarmendu dute. Ertzainek inolako azalpenik eman ez zietela salatu dute, eta azaldu dute El Diario Vasco hedabidearen bidez jakin zutela ustez “delinkuentziaren aurkako polizia operazioa” zela. Irailean beste polizia operazio bat izan zen pabiloi horretan, eta manifestazio jendetsua egin zuten egoera salatzeko.
“Auzoaren hustutzea prestatzen ari dira, horregatik, bertako jendea kriminalizatu nahi dute, hiritar onen segurtasunaren izenean”, salatu du mugimenduak. Era berean, azpimarratu dute polizia operazioen atzean “Donostiako Udalaren interesak” daudela, han 500 etxebizitza eraikitzeko proiektua baitu udalak. Horretaz gain, operazioen “izaera arrazista eta klasista” salatu dute, Infernua Bizirik mugimenduaren arabera, poliziek “inpunitate osoz” jokatzen baitute euren egoera erregularizatu gabe duten herritarren aurka. Bestalde, iraileko polizia operazioaren ondoren egin zuten moduan, komunikabideen jarrera salatu dute, eta, kasu honetan, El Diario Vasco hedabidearen jarrera kritikatu dute bereziki. Hedabide honek Infernuko hainbat bizilagunekin hitz egin zuen iraileko operazioaren ondoren, eta Infernuko egoera aztertu zuen erreportaje batean.
“Infernua ez da auzo kriminala, auzo pobrea da. Udalak Infernuko egoeraren erantzukizuna bere gainetik kendu nahi du, auzoa kriminalizatuz eta zikinduz; baina Infernuan 100 bat pertsona bizi gara, eta ezingo gaituzte besterik gabe gainetik kendu”, gaineratu du mugimenduak.