Konfiantzazko denden galera
La Confianza izan da merkataritza txikiaren krisiaren azken biktima Donostian. Saltoki txikien izaera ondo baino hobeto islatzen zuen Groseko arropa dendak, halakoak konfiantzazko lekuak izan baitira beti, jasotzen duzun tratu pertsonalarengatik. Gizarte harreman asko pantaila baten bitartez ditugun garaiotan, ordea, sarritan pentsatu gabe establezimendu handietara joaten gara erosketak egitera, baina ez dugu aurkitzen denok gustuko dugun tratu pertsonala eta konfiantza. Establezimendu handietatik ateratzen gara, eta saltoki txikietako tratu pertsonala faltan botatzen dugula esaten dugu, baina hurrengo egunean establezimendu handira itzultzen gara. Erakundeek saltoki txikiak babesteko neurriak hartzea ezinbestekoa da, baina denda txikietan kontsumitzeko hautua egitea gutako bakoitzaren eskuetan dago, are gehiago pandemia honen testuinguruan.