Udazkena euskaraz gozatzeko egitarau zabala prestatu dute Morlansen
Morlanstarrak auzo elkarteak hainbat jarduera antolatu ditu urritik abendura, Udazkena euskaraz Morlansen lelopean.”Programazio honen bitartez, euskararen aldeko jarrera positiboa bultzatu nahi dugu”, azaldu du Morlanstarrak elkarteko Andrea Etxaurik. Normalean, jarduera hauek urte osoan zehar izaten dira. “Aurten, udaberrian eta udan ere dena bertan behera geratu zenez, udazkenerako ohikoa baino programazio handiagoa prestatu dugu”, kontatu du Etxaurik.
Hain zuzen ere, lehenengo bi jarduerak asteazkenean, hilaren 21ean, eta ostiralean, hilaren 23an, egingo dituzte auzo elkartearen egoitzan, eta edukiera mugatua izango dute. Asteazkenekoa hitzaldi bat izango da, Paula Kasares Nafarroako Unibertsitate Publikoko Giza eta Hezkuntza Zientzien Saileko irakasleak emango du, eta euskara gutxi dakiten gurasoek euren seme-alabak nola lagun ditzaketen azaltzea izango du helburu. Ostiralekoa, berriz, zortzi urtetik aurrerako haur eta gaztetxoentzat bertso saioa izango da. Etxaurik nabarmendu duenez, “formatua egokitu dugu. Morlansen haur txiki asko daude eta normalean eurentzako jarduera asko egiten ditugu. Oraingoan, 8 eta 12 urte bitarteko haur eta gaztetxoentzat antolatu ditugu jarduera asko”. Hala ere, helduentzat eta haur txikiagoentzat jarduerak ere antolatu dituzte.
Egitarauan beste hainbat jarduerak egin ahalko dira: Itsaspetik azalera, azaletik plazara helduentzako antzezlanak (azaroaren 8an, 17:00etan, Amara Berri eskolako patioan), euskara taldeak talde feministarekin elkarlanean antolatutakoa; Mintzodromoak (azaroaren 14an, 16:30ean, auzo elkartearen egoitzan); eta zirko tailerrak (abenduaren 3an, 17:00etan, Leire plazan), Euskararen Eguna dela eta.
Euskaraldiarekin bat
Aipatutako jarduerez gain, Morlanstarrak auzo elkarteak bat egin nahi izan du Euskaraldiarekin, eta horri lotutako egitasmoak ere antolatu dituzte. Batetik, euskaraldian izena emateko eta informazioa eskuratzeko mahaiak jarriko dituzte auzo elkartearen egoitzan, urriaren 23an eta 30ean 17:00etatik 19:00etara, eta azaroaren 8an 16:30etik 18:30era. Bestetik, Euskaraldiko partaideentzat, Euskaraldiko esperientziak partekatzeko tertulia egingo dute arazroaren 26an, 18:00etan, auzo elkartearen egoitzan. “Euskaraldia girotzea da helburua”, azpimarratu du Etxaurik.
Era berean, txapak jasotzeko hauek izango dira egunak eta ordutegiak:
- Azaroak 13, ostirala. 17:00-19:00.
- Azaroak 14, larunbata. 16:00-18:00 (Mintzodromoarekin batera)
- Azaroak 18, asteazkena. 17:00-19:00
- Azaroak 20, ostirala. 17:00-19:00