Urtebetez atzeratu dute 22. Korrika
AEK-k agerraldia egin du San Telmo Museoan erabakiaren berri emateko: 2021eko 22. Korrika urtebetez atzeratu dute, eta 2022an izango da. “Beharrezkoagoa da Korrika denok desiratzen dugun baldintzetan egitea, une honetan ez baitugu Korrikaren ordezko eskas bat nahi”, adierazi du Asier Amondo Korrikako arduradunak.
Datorren urteko martxoan zen hastekoa 22. Korrika, Gasteizen. Ordea, pandemiak eragindako egoerak atzeratzera behartu ditu. Uda aurretik adierazi zuten 22. Korrika egiteko aukerak ikusten zituztela, baina, azkenik, atzeratzea erabaki dute. AEKtik ez dute aurreikusten epe motz zein ertainean osasun egoera kontrolatuta egongo denik, eta horregatik jendetza batzen duen ekitaldia atzeratzea erabaki dute, pandemiaren transmisioa ahalik eta gehien murrizteko.
“Erabaki latza da, euskararen aldeko ekitaldirik jendetsuena eta zirraragarriena ez dugulako orain izango, eta badakigulako euskararen aldeko bultzada ezin dela apaldu”, azpimarratu du Amondok. Korrikak kalea behar du, bizia, mugimendua; eta hori errepidera ateratzen direnek ematen digute, kalera ateratzen direnek». AEKrentzat kolpe handia izango dela adierazi dute, euskaltegietako lana ekonomikoki babesteko balio duelako Korrikak. Hori dela eta, inbertsio gehiago egiteko eskatu dute. Horrez gain, Euskaraldian parte hartzeko deia egin diete herritarrei.