Adrian Otaegi golf jokalari donostiarrak Eskoziako txapelketa irabazi du
Adrian Otaegi golf jokalari donostiarrak Eskoziako txapelketa irabazi zuen igandean Saint Andrewsko zelaian, Matt Wallace britainiarra gaindituz. Donostiarrak bikain jokatu zuen txapelketako azken jardunaldian, eta britainiarrari ateratzen zizkion lau kolpeak berreskuratu zituen, garaipena eskuratzeko. Otaegi argi gailendu zen, eta datuek hala diote: 72 zulotan 29 birdie egin zituen eta sei bogey egin zituen; birdiea zuloa pareak ezarritakoa baino kolpe bat gutxiagorekin burutzean datza, eta bogeya zuloa pareak ezartzen duenaren baino kolpe bat gehiagorekin burutzean.
Eskoziakoa Otaegik Europako golf zirkuituan eskuratu duen hirugarren titulua da, 2017an Paul Lawrie txapelketa eta 2018an Belgian Knockout txapelketa irabazi baitzituen. Eskoziakoa stroke play modalitatean irabazi du, hau da, kolpe guztiak kontabilizatzen diren modalitatean 2017koa, ordea, match play modalitatean irabazi zuen, irabazitako zulo bakoitzeko puntu bat eskuratzen den modalitatean. 2018koan, aldiz, bi stroke play txanda eta buruz buruko norgehiagokak zeuden.