Groseko La Confianza dendak aurrera jarraituko du
Iraileko azken egunetan Groseko La Confianza arropa dendaren itxieraren albistea zabaldu zen, eta hedabide honek itxieraren berri eman zuen. Horretaz gain, joan den asteko Klik-klak atalean saltokiaren argazki bat argitaratu zuen IRUTXULOKO HITZAk, merkataritza txikiaren egoeraren inguruko hausnarketa batekin batera. Ordea, irakurle batzuk hedabide honekin harremanetan jarri dira, La Confianza une honetan itxita badago ere, abenduan ateak berriz irekiko dituela jakinarazteko. Hain justu, orain arteko arduradunak erretiroa hartu du eta eskuz aldatu da saltokia, baina izen eta ideia berarekin irekiko dute berriz abendu aldera –lanerako eta etxerako arropa saltzeaz gain, danborradako arropa ere saldu izan dute belaunaldiz belaunaldi–, lokalean egiten ari diren lanak amaitzerakoan. Beraz, argitaratutako informazioa ez da zuzena.
Saltokiak Grosen jarraituko du, bost hamarkadaz izan den tokian. Revista San Sebastian hedabidearen arabera, dendaren historiaren hasiera Urbieta kalean dago. Izan ere, 1930eko hamarkadan Teofilo Abadia Zaragozatik Donostiara etorri zen, eta Urbieta Kaleko 39. zenbakian zegoen Petit Paris dendan hasi zen lanean. Saltoki honetan zirak eta gerrikodun gabardinak saltzen zituzten. Hamarkada amaieran, Abadiak denda hartu zuen, La Confianza izena jarri zion eta etxeko eta laneko arropa saltzen hasi ziren.
1971. urtean, Teofilo hil zenean, haren seme Ricardok eta Eduardok denda tokiz aldatu zuten, hain zuzen ere, Usandizaga kaleko 10. zenbakira, itxi arte izan den tokira. Haien erreleboa Inmaculada Eduardoren alabak eta Jose Antonio de Olazabal Ricardoren suhiak hartu zuten ondoren. Azkeneko urteetan, berriz, Maria Teresa Ricardoren alaba aritu da dendan. Orain, arduradun berriarekin bada ere, La Confianzak bere ibilbidea egiten jarraituko du.