Hiriko liburutegiek bat egin dute Liburutegiaren Eguna ospatzeko
Liburutegiaren Eguna larunbatean, hilaren 24an, da, eta beste urtebetez, Tabakalerak, Koldo Mitxelena Kulturuneak eta Donostia Kulturak bat egin dute egitarau partekatua prestatzeko.
Aurtengo programan COVID-19ak izandako eraginak eta liburutegiek nola egin dieten aurre aztertuko dituzte. Asteazkenean, hilaren 21ean, izango da lehenengo jarduera. Hain zuzen ere, Benjamin Pradoren Todo lo carga el diablo aurkezpen-solasaldia egingo dute San Telmo Museoko Areto Nagusian. Sarrera doakoa izango bada ere, aurretik erreserba egin behar da museoko webgunean.
Ostegunean, hilaren 22an, Tabakaleran Liburutegiak pandemiari aurre eginez egun osoko jardunaldia egingo da, eta Galizia, Bartzelona, Madril eta Gipuzkoako hainbat herrietako liburutegietako langileek euren esperientziak partekatuko dituzte. Aurrez aurre edo streaming bitartez jarraitu ahalko da, eta izen ematea Tabakalerako webgunean egin daiteke.
Azkenik, igandean, hilaren 25ean, Marielle Hellerren Can you ever forgive me? (2018) filma ikusi ahalko da Tabakalerako zinema aretoan. Sarrerak 3,5 euroko kostua izango du, eta hau ere kultur zentroko webgunean eros daiteke.