Metroaren lanak "lardaskeria" eta "adar jotze" bat direla dio Elkarrekin Donostiak
Elkarrekin Donostia oso kezkatuta dago metroko lanek hiriko bizilagunei eragiten dizkieten kalteengatik. Gaur, Donostiako Udaleko Batzordeetan koalizioak Eneko Goia alkatea interpelatu dute gaiaren inguruan. Galdetu diote zer neurri hartzen ari den donostiarren “babesgabetasuna saihesteko”, azpiegituraren aurrerapen “arazotsu eta gorabeheratsuaren” aurrean.
“Inori ez dio ihes egiten Donostiako Metroko lanak lardaskeria hutsa direla”, ohartarazi zuen Aitzole Araneta bozeramailea duela aste batzuk. Elkarrekin Donostiarentzat “kezkagarria” da udalak horri buruz zer esanik ez izatea, “ezta herritarrengan izaten ari den eragina arintzen saiatzeko ekimenik ez izatea ere”.
Goizeko batzordean, Aranetak azaldu du obra etetearekin eta lizitazio berriarekin “aukera bat ireki dela gainerako lanak berme hobeekin” aurre egiteko. “Ezinbestekoa da ETSren, udalaren eta kaltetutako zerbitzuen arteko koordinazioa eta komunikazioa hobetzea, hirian azken urteotan bizi izan diren egoerak ez errepikatzeko”. Aranetak gainkostuak ere kritikatu ditu: “Orain, Garraio sailburuak ohartarazi zuen bezala, obra %50 eta % 70 artean garestitu daiteke. Adarra jotzea iruditzen zaigu garestitze hori normaltzat jotzea, hori gertatu aurretik zergatik ez den jakin aztertu gabe”.
Metroaren lanak direla eta, udal gobernuaren jarrera kritikatu du Aranetak. “Entzungor egin nahi izan dute donostiarren kexen aurrean, eta kosta ahala kosta metroaren irudia salbatzea erabaki dute”. Gardentasuna eta neurriak eskatu dizkio udal gobernuari: “Frogatuta geratu da proiektua eskasa zela eta orain arte estaltzen saiatu direla. Horregatik, nahiz eta EAJ-PSE-EEren gobernuek obra bai ala bai egin nahi izan eta kosta ahala kosta, ekin beharra dago donostiarrak ez izateko berriro lanak ordaindu eta pairatuko dituztenak”.