Belodromoa eta hainbat frontoi erabiliko dituzte eskolak emateko
COVID-19 garaiko neurriak betetzeko espazio falta dela eta, hainbat ikastetxek eskatu zuten udalaren espazioak eskolak emateko erabili ahal izatea. Besteak beste, Amara Berri eta Katalin Erauso ikastetxeek Gasca kiroldegia erabiltzeko baimena eskatu zuten. Noticias de Gipuzkoa hedabideak jakinarazi duenez, Duñike Agirrezabalaga Hezkuntza zinegotziak atzoko Pertsonentzako Zerbitzuetako Batzordean, EH Bilduri erantzunez, jakinarazi zuen bi eskola horiei Belodromoa eskaini zaiela, eta onartu dutela. Izan ere, kiroldegian itoginak kentzeko lanak egin behar dituzte. Era berean, Amara Berri ikastetxeko Urbietako eskolak Amarako frontoia erabiliko du abendutik aurrera, lanak amaitzen dituztenean.
Amarako frontoiaz gain, hiriko beste hainbat frontoi ere erabiliko dituzte eskolak emateko, eskolek hala eskatuta. Zehazki, Ikasbide ikastetxeak —Loiolako Erriberak— Loiolako frontoia erabiliko du, Orixe ikastolak —Parte Zaharra— Trinitate plazakoa, Ibai ikastolak —Ibaeta— Ibaetakoa eta Herrera ikatetxeak Herrerakoa.
Loiolako Erriberako ikastetxeak itxaron beharko du
Loiolako Erriberan ikastetxea egin behar zuten, baina Agirrezabalagak atzo baieztatu zuen aurrekontu murrizketak eragin diola. Hori dela eta, oraindik ezingo dute hasi. Groseko haur eskolarekin zer gertatuko zain ere daude. Hain zuzen ere, udalak jakinarazi zuen oraindik ere esleitu gabeko proiektuak bertan behera utziko zituztela, aurrera ateratzeko dirua dagoen ikusi arte.