Metroaren igarobidearen gainkostua salatzeko elkarretaratzea egingo du EH Bilduk
Larunbaterako elkarretaratzera deitu du EH Bilduk Zentzugabekeriak goia jo du; metroaren gastua lehentasun sozialetarako lelopean. 12:00etan izango da Euskal Trenbide Sareak Amarako topo geltokian duen bulegoaren aurrean. “Donostian jende gehienak ondo daki ez dela beharrezkoa eta, gainera, oraintxe bertan beste lehentasun batzuk daudela”, azpimarratu dute.
Metroaren igarobidearen lanak “gero eta okerrago” doazela dio EH Bilduk: “Proiektu honekin hasi aurretik diru publikoaren xahutze hutsa zela agerikoa bazen ere, pandemia garaian, une zail hauetan, esan behar da obra faraoniko honek are zentzu gutxiago duela”.
Herritarrei proiektuaren akatsen eta gainkostuen berri gardentasunez eman beharrean, ETS “dena ezkutatzen” ari dela salatu dute. “Normaltasunaren irudi faltsua ematen saiatzen ari dira, gertatzen ari dena oso larria denean. Baina gaur gaurkoz, ezin da iritzi publikoaren aurrean mantendu Kontxa inguruan ura eta harea agertzea ezusteko bat izan dela”. Eneko Goia alkateak “estrategia horrekin” bat egin duela gaineratu dute. “Nahiz eta hilabeteak daramatzan ziurtatzen, bai Udalean bai prentsaren aurrean, obrek normaltasunez jarraitzen zutela, atzo egindako agerraldian esan zuen ez duela gertatutakoaz hitz egin nahi, hori Eusko Jaurlaritzaren eskumena baita. Orain, egitasmoa kolapsatu dela jakin denean, ez du aurpegia eman nahi, eta ez die donostiarrei egia esan nahi”.
EH Bilduren arabera, pandemia garaian ezin dira milioika euro gastatu “errentagarritasun sozial oso txikia duten proiektuak erreskatatzen”. Azpiegitura horren ordez, lehentasun handiagoa dutenak daudela adierazi dute: “Hala nola, Altza-Galtzaraborda zatiarena, Euskotrenen bikoizketa Zarautz-Irun zati osoan, Pasaian lurperatzea, eta Renfe-Euskotren interkanbiadorea Loiolan”.
Horrez gain, EH Bilduk gogoratu du Amarako geltokiaren eremua urbanistikoki planifikatzen ere hasi dela ETS. “Propagandako liburuxka bat etxez etxe banatu zuen, gaur egun bere webgunean dagoena, Easoko geltokia okupatzen duen eremuan 500 etxebizitza baino gehiago eraikiko direla iragarriz. Horren aurrean, Amarako, Amara Berriko eta Morlanseko hainbat eragile haserre agertu dira. Izan ere, Donostiako Udalari dagokio eremu horretan zer egin nahi duen planifikatzea, eta, gainera, egokiena eta bidezkoena da auzotarrek ere parte hartzea erabakietan”.