Ekonomia Suspertzeko Plan berri bat abiarazi dute enplegua sustatzeko eta merkataritzari laguntzeko
Ekonomia Suspertzeko Planaren bigarren fasea abian da. Donostiako Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak elkarlanean bultzatu dute plana, eta bost milioi euroko aurrekontua izango du, COVID-19a dela eta sortutako krisiaren ondorioak arintzeko. Planaren helburu nagusiak dira enplegua sustatzea eta enpresei kontratazioan bultzada ematea, merkatariei eta ostalariei laguntzea hainbat arlotan, eta gizarteko sektore kaltetuenei laguntzak bideratzea.
Planak bost ildo ditu: enplegua, merkataritza eta ostalaritzarako laguntzak, enpresak sortzen laguntzea, enpresa proiektuak garatzeko eta mantentzeko laguntza, eta eredu ekonomikoaren eraldaketa eta erronkak.
Hain zuzen ere, enpleguaren ildoa izango da diruz gehien lagunduko dena. Izan ere, Marisol Garmendia Ekonomia Suspertzeko zinegotziak nabarmendu duenez, langabeziak 3 puntu gora egin du hirian urtarriletik irailera. Ondorioz, 800 lanpostu inguru sortzeko helburua du plan honek, arlo publikoan zein pribatuan, eta horretarako ia hiru milioi euroko laguntza emango du. Arlo publikoan, 70 pertsona berri kontratatu nahi dira Udalaren eta gizarte erakundeen bitartez, eta tokiko sektore pribatuan ia 300 kontratazio berri bultzatu nahi dira. Horrez gain, gazte enpleguak garrantzia nabarmena izango du, Garmendiak nabarmendu duenez, 25 eta 44 urte bitarteko pertsonen langabezia tasa igo baita gehien. Honi lotuta, esaterako, hiriko enpresa eta zentro teknologikoetan 35 gazte kontratatzeko laguntzak emango dira. Aipatutakoez gain, egoera zaurgarrian dauden familien kontziliazioa errazteko, kontziliazio bonuak emango dira, eta hainbat ‘arreta gune’ jarriko dira hirian horretarako. Beste hainbat laguntza ere jaso ditu programak, hala nola Reaktibat-T delakoa.
Merkataritza eta ostalaritzari laguntzak
Pandemiak nabarmen kaltetu ditu merkataritza eta ostalaritza. hori dela eta 1.038.970 aurrekontua izango du ildo honek. Besteak beste, kontsumo eta garapen bonuak berriak aterako dituzte, nahiz eta data oraindik ez duten zehaztu. Era berean, lokalak egokitzeko eta negozioak digitalizatzeko laguntzak ere izango dira.
Enpresak sortzeko ildoari dagokionez, 525.513 euroko aurrekontua izango du, prestakuntza jasotzeko, aholkularitza zerbitzuak eskaintzeko, eta bideragarritasun analisiak egiteko. Lan ildo honen bitartez, 200 postu berri sortu nahi ditu udalak. Era berean, 619.700 euroko aurrekontua izango du enpresa proiektuak garatzeko eta mantentzeko ildoak. Garapen teknologikoa bultzatzea, aholkularitza jasotzea, edo barne ekintzailetza sustatzea da ildo honen helburua. Azkenik, eredu ekonomikoak birpentsatzeko 100.000 euro erabiliko dira. Zehazki, hiru egitasmo aurreikusten dira: WeekINN Berrikuntzaren Astea, koronabirusak sortutako hiriko erronkak lantzeko online plataforma, eta osasun arloko proiektu berritzaileei laguntzeko plataforma.
Laguntzak Donostia Sustapenaren webgunean eskatu ahalko dira. Informazio osagarria ere webgune horretan topa daiteke.