Etxebizitza auzotik eta auzoarentzat aldarrikatu dute Grosen
Saretxe plataformak deituta, manifestazio jendetsua egin dute Grosen, Etxebizitza auzotik eta auzoarentzat lelopean. Donostiako Maizterren Sindikatuak, Hondarpe auzo elkarteak, Bizilagunekin plataformak eta auzoko gazteek bat egin dute mobilizazioarekin, eta auzoan bizitzeko eskubidearen aldeko zein espekulazioaren aurkako oihuak entzun dira ibilbide guztian zehar; Grosen etxebizitzaren problematikarekin zerikusia duten hainbat gunetan geldialdiak egin dituzte, eta bakoitzean eragile batek hartu du hitza.
Lehenengo hitzartzea manifestazioaren irteeran bertan izan da, Ategorrieta hiribideko 41. zenbakiko Azora putre funtsaren eraikinean. Donostiako Maizterren Sindikatuak hartu du hitza, eta putre funtsei zein bestelako enpresa espekulatzaileei aurre egiteko antolatzen ari direla nabarmendu du.
Hurrengo geldialdia Karkizano kalean izan da, Hondarpe auzo elkartearen egoitzaren inguruan. Hondarpeko kide batek hitz egin du, eta auzoan bizitzea gero eta zailagoa dela salatu du, baita espekulazioaren aurka borrokatzen jarraituko dutela nabarmendu ere.
Hirugarren hitzartzea Bizilagunekin plataformarena izan da, Zabaleta kaleko 5. zenbakian. Izan ere, Gipuzkoako Gotzaindegiarena da eraikin hori, eta lanetan dago, 26 apartamentuko hotel bat egiten ari direlako. Bizilagunekinek salatu du Gotzaindegia “beste eragile espekulatzaile bat” izaten ari dela azkenaldian, eraikin askotan hotelak egiten ari direlako, eraikinak tokian tokiko beharrei erantzuteko erabili ordez. Horregatik, desazkunde turistikoa gauzatu behar dela aldarrikatu dute.
Handik gertu, Zabaleta kalearen eta Galtzada Nagusiaren izkinan, Azoraren beste eraikin bat dagoen lekuan, auzoko gazteek hartu dute hitza. Putre funtsen eragina dela eta, gazteek euren auzoan bizitzeko dituzten zailtasunak salatu dituzte.
Zabaleta kaleko 55. zenbakian egin dute azken geldialdia, Azoraren esku dagoen beste eraikin batean, hain justu. Mobilizazioa ixteko, Saretxe plataformak hartu du hitza, eta manifestazioarekin bat egin duten guztiei eskerrak emateaz gain, auzoko problematikak ikusaraztearen garrantzia azpimarratu dute. Era berean, mobilizazioak egiten eta auzoan bizitzeko eskubidearen alde borrokatzen jarraituko dutela nabarmendu dute.