Maizterren eskubideen alde antolatzen ari dira
Alokairua Donostiako egiturazko arazoa da, eta pandemiaren ondorioz egoerak okerrera egin dezakeela uste du Donostiako Maizterren Sindikatuak. Horregatik, maizterren eskubideak defendatzeko antolatzen ari dira, beste hainbat eragilerekin batera.
Donostiako Maizterren Sindikatua iazko ekainean sortu bazen ere, urriko lehenengo asteburuan egin zuten aurkezpen ofiziala, Kataluniako Sindicat de Llogateres sindikatuarekin eta Madrilgo Maizterren Sindikatuarekin batera Donostian egindako jardunaldietan. Hain zuzen, sindikatu katalanaren borrokari esker Katalunian alokairuaren merkatua erregulatzen duen legea onartu ondoren egin zituzten jardunaldi horiek, eta Sindicat de Llogateresen borroka estrategiak Donostiara ekartzeko modua aztertu zuten. Era berean, Bentaberriko Alokairu plataforma eta Groseko Saretxe plataforma eta Azora putre funtsaren maizterrak ere jardunaldietan izan ziren, Katalunian eta Madrilen putre funtsekin eta bestelako enpresekin izandako higiezinen espekulazioa ezagutzeko.
Jardunaldien ondoren, Donostian espekulazioaren aurka borrokatzeko eta maizterren eskubidean defendatzeko estrategiak aztertzen ari da Maizterren Sindikatua, Saretxerekin, Alokairurekin eta Azorako maizterrekin elkarlanean. Horregatik, hedabide honek Andoni Egia Maizterren Sindikatuko kidearekin, Alokairuko Txominekin eta Saretxeko Jon Basterrarekin hitz egin du Donostiako alokairuaren merkatuaren eta maizterren errealitatea ezagutzeko eta etorkizunera begira garatuko dituzten borroka estrategien berri izateko. Horretaz gain, Sindicat de Llogateres sindikatuko Nuria Comermak ere erreportajean parte hartu du, Kataluniako esperientzia lehen pertsonan kontatzeko eta borroka estrategia horiek Donostiara ekar daitezkeen aztertzeko.
Bestalde, udal talde guztiei alokairuaren inguruan galdetu die hedabide honek, eta arazoaren aurrean egiten ari direna zein egiteko dagoena mahai gainean jarri dute. Hain justu, Nekane Arzallus Hirigintza Sostengagarriko zinegotzi ordezkaria eta EAJ alderdiko kideak, Marisol Garmendia bigarren alkateorde, Gune Publikoetako eta Hiri Proiektuetako zinegotzi eta PSE-EE-ko kideak, Reyes Carrere EH Bilduko udal taldearen bozeramaileak, Aitzole Araneta Elkarrekin Donostia udal taldeko bozeramaileak eta Borja Corominas PPren zinegotziak erantzun dituzte galderak. Erreportaje osoa ostiralean izango da irakurgai, papereko astekarian zein Irutxulo.hitza.eus webgunean.