'Tripontzia: Burujabetzara bidean' komiki digitala egin du Unai Gaztelumendik
Gure Eskuk pasa den astean aurkeztu zituen Tripontzia: Burujabetzara bidean komiki digitala eta urteberriko zozketa Tripontziaren irabazien zati bat euskal kulturgintza babesteko eta ikuspegi estrategiko batetik sustatzeko proiektu batera bideratuko da. Dagoeneko salgai dago herriz herri eta online http://tripontzia.eus webgunean.
Añorgako Unai Gaztelumendik egin ditu marrazkiak. “Begiak itxi, eta bakoitzak iradoki didan pertsonaia marrazten saiatu naiz”, adierazi du. Ondorengo bideoan ikus daiteke:
?#Tripontzia @ugaztelu: Ekintza gutxi eta gogoeta askoko testuak dira. Saiatu naiz istorioek iradokitzen zizkidaten pertsonaiak ilustrazioetara eramaten.
— Gure Esku (@Gure_Esku) October 22, 2020
Irabazien zati bat kulturgintzara bideratuko dugu. Eman eskua kulturgintzari eta eraman Tripontzia?https://t.co/iYVqHlLpDS pic.twitter.com/2qyWJxPXlk
Amalur Alvarez Gure Eskuren bozeramaileak adierazi duenez, Tripontziak helburu bikoitza izaten du: ekonomikoa eta kulturala: “Gure Eskuren finantzazio iturri nagusietako bat da, eta sorreratik izan duen bokazioa da Gure Eskurentzat ez ezik, herri honetan burujabetzarako bidean martxan dauden bestelako proiektuentzat ere autogestiorako tresna izatea. Horrekin batera, komiki bat ere bada, burujabetzaren inguruan zer hausnartu ematen diguna”.
Aurtengo Tripontzia komikiaren protagonistei tripak nahasten zaizkie erabakien aurrean. Erabakirik hartu gabe bizitzeko tentaldia izaten dute maiz, erabakirik ez bada, ardurarik ez dagoelako. Baina bada zerbait barruak korapilatzen dizkiena hala jokatzen dutenean, badakitelako erabakirik ez hartzeak aurrez markatutako bidetik daramatzala ezinbestean.
Tripontzia autogestiorako tresna ere bada Gure Eskurentzat. “Bizi dugun krisiak herritar eta eragile asko kolpatu ditu, eta Gure Esku ez da salbuespen izan”, -azaldu du Amalur Alvarezek-, “baina gu sinestuta gaude, une latzetan, inoiz baino gehiago, komunitatea dugula babesgune, eta komunitatea sostengatzen duten sareak babestea baino ziurtasun handiagorik ez daukagula. Horregatik, konfiantza daukagu herritarrek, urtez-urte egin duten bezala, oraingoan ere erosiko dutela Tripontzia, Gure Eskuri bultzada bat eman asmoz”.