Alokairuan eta duintasunez
Donostian alokairuan bizitzea ez da erraza, prezioak oso altuak baitira hiriko auzo gehienetan. Gainera, etxebizitzen jabeek askotariko gehiegikeriak egiten dituzte sarritan. Hori gutxi balitz, hirian putre funtsen presentzia areagotu egin da, eta pandemiaren ondorio ekonomiko larrienak ikusteke daude oraindik. Egoerari aurre egiteko, Donostiako Maizterren Sindikatua tokiko zein kanpoko beste hainbat eragilerekin batera antolatzen ari da.
Donostian alokairuan bizi den ia edozeinek soberan daki zein zaila den hiriko edozein auzotan etxebizitza duin bat aurkitzea. Izan ere, alokairura gehienez diru-sarreren %30 bideratzea gomendatzen da, baina, horretarako, gazte gipuzkoarren ordainsaria %54 handitu beharko litzateke, 2019ko datuen arabera. Hain zuzen, 2019ko urrian Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza sailak argitaratutako Alokairuaren Merkatuaren Estatistikaren (AME) arabera, Donostia Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) hiririk garestiena da, maizterrek batez beste 859 euro ordaintzen baitituzte. 2018ko abenduaren 31ra arte ordaintzen ziren errentak hartzen zituen aintzat AME-k, baina ez zituen kontuan alokairuan dauden etxebizitzen prezioak. Enalquiler.com higiezinen atariko aurtengo iraileko datuen arabera, ordea, Donostiako alokairuaren batez besteko prezioa 1.287 eurokoa da. Prezioen afera gutxi balitz, maizterrek euren etxebizitzen jabeen askotariko gehiegikeriak jasan behar dituzte askotan, are gehiago gero eta ohikoagoak diren putre funtsak baldin badira alokatzaileak.
Testuinguru horretan sortu zen iazko ekainean Donostiako Maizterren Sindikatua. «Etxebizitzaren inguruan dauden problematikak ez dira berriak Donostian, eta ikusten genuen horren inguruan lan egiten ari ziren plataformen artean hutsune bat zegoela, egitura bateratu eta finko bat falta zela. Kataluniako sindikatuaren esperientzia ikusita, pentsatu genuen sindikatu baten moduko egitura batek erreferentzialtasuna izan zezakeela, baita maizterren eta alokatzaileen arteko bitartekaritza lanak egiteko balio zezakeela ere». Donostia «historikoki» turismoari begira egon dela azaldu du Egiak, baina azken urteotan izaera hori areagotu egin dela deritzo, eta salatu du eragin zuzena duela alokairuaren merkatuan: «Donostia turismoaren parke tematiko batean bilakatzeak alokairuaren merkatuaren hauspotzea eragiten du, baita hiriaren turistifikazioa, gentrifikazioa eta etxebizitzaren prezioen igoera ere». Era berean, fenomeno horretan erakundeen erabakiek erantzukizun handia dutela azpimarratu du Egiak: «Ez litzateke posible izango merkantilizazioa eta liberalizazioa ahalbidetzen duten politika publikorik gabe».
Mundu osoko erakundeek garatutako politikek Donostiari bereziki eragingo dion «alokairuaren egiturazko krisia» sortu dutela azaldu du maizterren sindikatukoak: «Lehen, fabrikak ziren kapital metaketaren eta, ondorioz, klase borrokaren esparru nagusia, baina orain hiriaren garapenean ematen da kapital metaketa gehiena, eta bereziki etxebizitzan. 2008ko krisi ekonomikotik aurrera, Espainiako Estatuko, Europako eta munduko erakunde publikoek ahalbidetutako liberalizazio prozesuek etxebizitzaren merkatua liberalizatu dute, hirigintzaren ateak ireki dizkiote espekulazioari eta egiturazko krisi bat sortu da».
Horregatik, «alokairuaren arazoari aurre egiteko lanabesa» izan nahi du sindikatuak, eta bi lan esparru sortu dituzte: «Alde batetik, maizterren eskubideak defendatzeko lan esparrua dugu; norbanakoek euren alokatzaileekin dituzten arazoei aurre egiteko baliabidea izateko eta aholkularitza kolektiboa emateko lanean ari gara. Bestetik, negoziazio kolektiboak sustatzeko lan esparrua dugu. Izan ere, jakina da Donostiara Azora eta Testa-Blackstone putre funtsak iritsi direla; funtsek jabetza bertikalak dituzte –hau da, eraikin oso baten jabetza–, eta horren aurkako borroka kolektiboak garatu ditzakegu», azaldu du Egiak. Hain zuzen, sindikatuaren bizitza laburrean kasu gutxi izan badituzte ere, guztietan arrakasta izan dutela nabarmendu du Egiak: «Esan beharra dago izan ditugun lauzpabost kasuetan maizterren interesak gailentzea lortu dugula».
Lanketa horretan sakondu nahi du Donostiako Maizterren Sindikatuak, eta horretarako, jardunaldi berezi batzuk antolatu zituzten urriko lehenengo asteburuan. Sindikatua ofizialki aurkeztu zuten jardunaldi horietan, eta Kataluniako eta Madrileko sindikatuekin borroka estrategia komunak aztertu zituzten. Egiak azaldu duenez, Kataluniako sindikatuaren borrokatik ikasteko aukera izan dute, eta bi ondorio nagusi atera dituzte asteburu horretatik: «Alde batetik, sindikatu gisa antolatzeko beharra dugula ondorioztatu dugu, eta aztertzen ari gara zein batzorde edo lantalde jarri behar ditugun abian; era berean, afiliazio kanpaina bat abiarazteko aukera ere aztertzen ari gara. Bestetik, egituratuak ez genituen harremanak eraikitzeko balio izan digute jardunaldiek; kanpoko sindikatuekin eta Donostiako Saretxe eta Alokairu plataformekin, besteak beste».
Kataluniako esperientzia
Irailean, Kataluniako Gobernuak alokairuaren merkatua erregulatzen duen legea ezarri zuen, eta irailaren 22tik indarrean dago Kataluniako 60 udalerritan. Sindicat de Llogateres Kataluniako maizterren sindikatuko Nuria Comermak azaldu du euren borrokari esker onartu duela gobernuak lege hori: «Kataluniako Gobernuak antzeko lege proposamen bat abiatu zuen iaz, gurekin kontsultatu gabe. Ordea, lege horrek ez zituen maizterren interesak behar bezain beste defendatzen. Horregatik, antolatu egin ginen, eta atzera botatzea lortu genuen. Ondoren, gobernuarekin eseri ginen, eta irailean onartu den legea garatu genuen».
Horri esker, alokatzaileak behartuta daude kontratuak bost (jabea pertsona fisikoa bada) edo zazpi urterako (jabea pertsona juridikoa bada) berritzera, fidantzek ez dute hilabeteko kuota gainditzen, errentak ezin dira zonako alokairuaren erdi mailako indizearen gainetik egon eta kontratua ez berrituz gero, lau hilabete lehenago jakinarazi behar diote maizterrari. Horrela, familia batek 600 euroko kuota ordaintzen badu, nahiz eta auzo horretako alokairuaren batez besteko prezioa 700 eurokoa izan, alokatzaileak ezin dio errenta igo. Era berean, ez badio kontratua berritzen, ezin du prezioa igo, hurrengo maizterrarekin ere aurreko kontratua errespetatu behar duelako. Beraz, Comermak nabarmendu du jabeei ez zaiela interesatzen maizterrez aldatzen ibiltzea: «Alokatzaileek badakite zuk hilabetero ordaintzen duzula, eta ezin dutenez prezioa igo, ez zaie interesatzen kaleratzea. Horretaz gain, zure zonako alokairuaren erdi mailako indizearen gaineko errenta ordaintzen ari bazara, ezin diote etxebizitza hori beste pertsona bati prezio berean alokatu, prezioa jaitsi behar diote. Ez zaienez interesatzen maizterra aldatzea, dagoeneko leku batzuetan errentak 200 edo 300 euro jaitsi dituzte».
Katalunian, duela hiru urte sortu zen Sindicat de Llogateres, Donostian bezala, etxebizitzaren inguruan zeuden mugimendu guztiak egituratuko zituen eragile baten beharra zegoelako. Hala azaldu du Comermak: «Sindikatuak oso harrera ona izan du hasieratik, izan ere, kalkulatzen da Bartzelonako herritarren %40 maizterrak direla, eta, batez beste, soldataren %50 alokairua ordaintzeko erabiltzen dute». Era berean, Comermak azpimarratu du sindikatua sortu zenean putre funtsak gero eta ugariagoak zirela Espainiako Estatu osoan, baina bereziki, Bartzelonan: «Eraikin osoak erosten zituzten, eta errenta zaharra zuten pertsonei ez zizkieten etxebizitzetan konponketak edo bestelakoak egiten, nolabaiteko moving bat egiteko. Errenta zaharra ez zutenei, legez kontratua hiru urtean behin berritu behar zieten, baina gehiegizko igoerak egiten zizkieten, alde egitera behartuz. Ondoren, etxebizitzak berritzen zituzten, eta alokairuaren prezioa igotzen zuten». Horri aurre egiteko, Bloques en lucha eta Ens Quedem estrategiak garatu dituzte Kataluniako sindikatukoek. «Jabetza handiak gero eta esku gutxiagotan daude, eta hori munstro bat bada ere, borroka kolektiboak sortzeko aukera ematen du. Hain zuzen, Azoraren, Blackstonen edo Mediasilen eskuetan dauden eraikinetako maizterren ordezkari lanak egiten dituzte sindikatuko abokatuek, eta denentzako baldintza berak negoziatzen dituzte funtsekin. Hori da Bloques en lucha estrategia. Ens Quedem-i dagokionez, Bloques en lucha-ren barruan egiten den desobedientzia estrategia da: errenta igoko dizutela edo alde egin behar duzula esaten dizutenean, zure etxean gelditzen zara, ordura arte ordaintzen ari zinena ordaintzen. Aldi berean, sindikatuak aholkularitza zerbitzua eskaintzen dizu, eta kasu gehienetan, azkenean lortzen dugu enpresak negoziatzera esertzea».
Comermak azaldu duenez Donostiak, Bartzelonak eta Madrilek antzekotasunak dituzte: «Estatuan alokairuaren merkatu garestiena duten hiru hiriak dira, alokairuzko etxebizitza asko turismoaren merkatura joan dira eta putre funtsak indar handiarekin sartu dira». Horregatik, estrategia komun bat garatzeko aukera aztertu zuten hiru sindikatuek aipatu jardunaldietan: «Bartzelonaren, Madrilen eta Donostiaren arteko antolakuntza komun bat garatu nahi dugu, horrela errazagoa izango baita zailtasunei aurre egitea. Era berean, Espainiako Estatuko eragile guztiekin hitz egin nahi dugu, Kataluniako legea babesteko eta estatura zabaltzeko. Hain justu, Espainiako Gobernua hainbat maizterren sindikaturekin bildu zen joan den astean, alokairuaren prezioa legez erregulatzeko aukera aztertzeko.
Bentaberri eta Gros, icebergaren tontorra
Azkenaldian, denon ahotan egon dira Donostian Testa-Blackstone eta Azora putre funtsek egindako gehiegikeriak, Bentaberrin eta Grosen, hurrenez hurren. Horregatik, Bentaberriko Alokairu plataforma, Saretxe Groseko etxebizitzaren aldeko sarea eta Azorako maizterrak jardunaldietan izan ziren, Donostiako sindikatuarekin harremana sendotzeko eta Madrilen eta Bartzelonan gertatutakoa ezagutzeko.
Bentaberriren kasuan, Eusko Jaurlaritzak duela 22 urte inauguratu zituen alokairuzko babes ofizialeko etxeak, baina Testa-Blackstone putre funtsarenak dira orain, eta bizilagunak ziurgabetasunean murgilduta bizi dira. Alokairuko Txominek azaldu duenez, funtsaren aurka borrokatzen hasi zirenean, Kataluniako sindikatuarekin harremanetan jarri ziren, euren esperientzia ezagutzeko, baina ezin izan zuten harremana sakondu, Victoria Noriegaren etxegabetzearen aurka buru-belarri aritu baitira orain arte –berriki, etxegabetzea gelditzea lortu dute–. Horregatik, jardunaldiak aberasgarriak izan direla deritzo Txominek: «Kataluniakoengandik ikasitakoari buruz hausnartu behar dugu orain. Izan ere, bidegabekerien aurka denok batera borrokatzeko prest gaude». Era berean, Bentaberrin eta hiriko beste zenbait tokitan «isilpeko etxegabetzeak» izan direla salatu du Alokairukoak: «Gurean, Testa-Blackstonek maizter askori errenta izugarri igo die, eta ezin zutenez ordaindu, alde egin behar izan dute. Guri putre funtsen aurka borrokatzea tokatu zaigu, baina antzeko gauzak gertatzen dira tokiko enpresekin. Beraz, eskatzen dutena ezin badut ordaindu, eta horregatik nire etxea utzi behar badut, hori niretzat isilpeko etxegabetze bat da».
Grosen etxebizitza bat alokatu ahal izatea gero eta zailagoa dela adierazi du Jon Basterra Saretxeko kideak, eta horrek auzoa asko kaltetzen duela salatu du: «Gure auzoan bizitzea ia ezinezkoa bilakatzen ari da, eta horrek gizarte-ehunean izugarrizko kalteak eragiten ditu: komunitatea desegiten eta norbanako gisa bizitzera bultzatzen gaituzte, ekoiztu eta lo egin dezagun soilik». Horregatik, Grosen manifestazioa egitekoak ziren atzo Saretxekoak, Etxebizitza auzotik eta auzoarentzat lelopean. Arazo larriena Azora putre funtsaren etxebizitzena dela dio Basterrak, baina etxebizitzarekin lotura duten beste hainbat arazo ere badaudela nabarmendu du: «300 familia inguru kaltetu ditu Azorak, eta horietako askok euren betiko etxea utzi beharko dute. Horretaz gain, Gotzaindegiaren hotela [Zabaleta kaleko 5. zenbakian], Claret ikastolaren salmenta, eta jabetza bertikaleko eraikinak ditugu gurean. Baita jabedun espekulatzaile txikiak ere: horiek ez ditugu ahaztu behar».
Antzeko irakurketa egin du Egiak, eta putre funtsen auzitik harago, alokairuaren arazoa askoz sakonagoa dela nabarmendu du: «Egiturazko arazoa da alokairuarena, izan ere, gure artean oso zabalduta dago bigarren etxebizitza bat negozioa egiteko erosteko ideia, eta hori egiten dutenak gure bizilagunak dira. Hau da, putre funtsei aurre egin behar zaie, baina hori bezain garrantzitsua da espekulaziotik onurak eskuratzen dituzten gure bizilagunen inguruan lanketa politikoa eta soziala egitea». Horrekin batera, maizter guztiak indarrak batzera deitu ditu Egiak: «Datorren krisiak are kalte gehiago eragingo ditu alokairuaren merkatuan, eta denok batera borrokatzen badugu, errazagoa izango da arazoei aurre egitea».