Behobia-Donostia birtualak aurrez aurreko lasterketaren "giro soinua" izango du
Azaroaren 2tik 8ra izango da Behobia-Donostia birtuala, eta gaur goizean honen inguruko xehetasunak aurkeztu dituzte Fortuna kirol elkarteak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak azken honen egoitzan. Izena emateko epea ekainean zabaldu zuten, eta dagoeneko 2.500 pertsonak izena eman dute. “Azkeneko egunetan nabaritu da hazi dela”, azaldu dute antolatzaileek.
Aurrez aurrekoarekin erkatuta, lasterketa birtuala edozeinek egin dezake. Alegia, “inklusiboagoa” dela nabarmendu dute antolatzaileek, helburua baita 20 kilometro horiek korrika zein oinez zazpi eguneko epean egitea. Horretarako, aplikazio batean izena eman eta hura mugikorrean jaitsi behar da. Lotura honetan informazio guztia jaso da.
Ibilbidea egin bitartean, antolatzaileek gomendatu dute mugikorrarekin joatea, aplikazioa zabalik izanda, eta entzungailuekin. Izan ere, lasterketan zehar izaten diren soinuak —musika, jendea animatzen, eta abar— entzun daitezkeelako. Era berean, lista bat sortu dute Spotifyen, lasterketa hasieran eta amaieran jarri ohi duten musikarekin.
Era berean, zauden tokian zaudela parte hartzeko aukera eskaintzen du. Izan ere, ez da aurrez aurreko lasterketaren ibilbide bera egin behar, baizik eta norberak ahal duena. Esaterako, aurten, Shanghaien bizi den pertsona batek parte hartuko duela kontatu dute.
Izen-emateak 15 euroko kostua du, eta lasterketa birtualean parte hartzeko aukeraz gain, poltsa digitala —aldizkari digitalarekin, dortsalarekin, eta Behobiako kilometroen paperarekin— eta domina ere barne hartzen ditu. Era berean, aurrez aurreko lasterketan parte hartzeko izena eman zutenentzat 5 euroko kostua izango du, betiere dortsala datorren urterako gorde badute.
Aurtengo egoera dela eta, aurrez aurreko lasterketa bertan behera utzi badute ere, epe luzera helburua da ohiko lasterketa eta birtuala uztartzea.