Diskoen eta litxarrerien etxea
Frudisk enpresak garrantzia handia izan du Donostian azken 30 urteetan, saltoki ugari izan baitituzte hirian. Azkena San Martin merkatuko gozoki denda txikia zen, baina irailaren 30ean itxi zuten.
Gaur egun sinestezina badirudi ere, garai batean posible zen diskoak saltzetik bizitzea, musikarientzat zein dendarientzat. Hain justu, XXI. mendeko lehenengo urteetara arte, asko ziren Donostiako disko dendak: Gong, Xaribari, Azoka eta Werco, besteak beste. Horietako bat zen Frudisk, eta segur aski, 1980ko eta 1990eko hamarkadetan hiriko disko dendarik garrantzitsuena izan zen. Hainbat establezimendu izan zituen Donostian, baita Gasteizen eta Iruñean ere.
Urte haietan, gazteen aisialdiaren parte zen disko dendetan arratsaldeak pasatzea musika entzuten eta disko berriak begiratzen. Hori baliatuta, Frudiskek negozio eredu bitxi bat sortu zuen: diskoez gain, litxarreriak eta gozokiak ere saltzen zituen. Horrela, garaiko gazte donostiarrek Frudiskera joateko bi arrazoi zituzten: diskoak eta litxarreriak. Gainera, igandetan ere irekitzen zuten, beraz musika zaleak egunero joan zitezkeen Frudiskera.
Enpresa sortu zuen gizonak denbora batez biltegi batzuetan egin zuen lan, eta orduan eskuratu zuen diskoak merke saltzen zituen norbaiten kontaktua; hortik abiatuta, musika denda propioa sortzea erabaki zuen. Hala kontatu du Jose Luis Olabeaga musikazale amorratuak. 1980ko hamarkadan Groseko Kolon pasealekuko 7. zenbakian ireki zuen lehen denda, erdia musikari begira eta beste erdia litxarreria gazi eta gozoei begira. Biniloak gerriaren altueran zituzten –oraindik ez ziren CD formatuko diskoak saltzen–, eta gorago, begien altueran, kaseteak.
Musikak dirua ematen zuen garai hartan, eta urte gutxitan beste hiru Frudisk ireki zituzten Donostian: bi Parte Zaharreko Portu kalean eta bat Erdialdeko Hondarribia kaleko 19. zenbakiko sotoan. Denetan, noski, diskoak eta litxarreriak zituzten. Bitxia badirudi ere, diskoen salmenta hain ondo zihoan, kale berean –Portu kalean– bi denda izatea posible zela. Lehenengoa 9. zenbakian ireki zuten, eta Kolon pasealekuan zutenaren antzekoa zen.
1990eko hamarkadako lehenengo urteetan, ordea, CD formatua indarra hartzen ari zen, eta Frudiskek musikaren industriaren hondamendia eragingo zuen formatuaren aldeko apustua egitea erabaki zuen; Portu kaleko 7. zenbakian soilik CD-ak saltzen zituen denda bat ireki zuen. Horren aurretik, ordea, San Jeronimo kalean halako beste denda bat ireki zuten, soilik CD-ak saltzen zituena, alegia. Olabeagak azaldu duenez, San Jeronimokoa zabaltzear zenean, lokalean lanak egiten ari zirenean, erakusleihoan EP bilduma ikaragarri bat jarri zuten estalki gisa. Olabeagak gogoratu du bildumarekin txundituta gelditzen zela handik pasatzen zen bakoitzean. Kontatu du denda ireki zutenean bilduma horrengatik galdetu ziela hango langileei, baina ezin izan zuen inoiz jakin norenak ziren EP haiek. San Jeronimoko dendak gutxi iraun zuen, eta Portu kalekoa izan zen CD-en Frudisk denda.
2000. urtearen inguruan, enpresak bere apusturik handiena egin zuen: Mirakruz kaleko 6. zenbakian hiru solairuko denda bat ireki zuten. CD-ak, DVD-ak, litxarreriak, osagarriak eta kafetegia zituen Frudisk horrek, besteak beste. Ordea, XXI. mendea zen, CD-a ez zen inoiz esperotako “etorkizuneko formatua” izatera heldu, eta musikaren industriak ez zuen garai berrietara egokitzen jakin. Beraz, aurreko urteetan eta hurrengoetan gainontzeko Frudisk dendei gertatu zitzaien moduan –baita Gasteizkoei eta Iruñekoei ere–, Mirakruzekoak ireki eta urte gutxira itxi zituen ateak.
Azken urteotan, bi izan dira Frudisken azken arrastoak Donostian: Zabaleta kaleko eta San Martin merkatuko litxarreria denda txikiak. Zabaletakoak duela urte batzuk itxi zituen, eta merkatukoa itxi dute orain.
Bezeroen buruhausteak
Negozio eredua bezain bitxiak ziren Frudiskek zituen ohitura batzuk. Alde batetik, prezio sistema zegoen. Kode bidez jartzen zuten prezioa diskoetan, hau da, dendetako paretan alfabeto bat zuten, eta hizki bakoitzak balio bat zuen: ‘a’ 100 pezeta ziren, ‘b’ 200 pezeta, eta abar. Ordea, demagun balio horiek 2.700 pezetara baino ez zirela heltzen. Orduan, hizkiak konbinatzen hasi behar ziren, eta ‘qz’, ‘hk’ eta horrelako kodeak sortzen ziren, bezeroak erotuz. Olabeagaren arabera, sistema digitalizatua izan zuen lehenengo enpresetarikoa izan zelako izan zitekeen hori.
Prezioena buruhaustea zen bezeroentzat, baina enpresaren pegatina are buruhauste handiagoa zen, bereziki bilduma zaleentzat. Izan ere, Frudiskek bere pegatina zuzenean biniloen azalaren gainean jartzen zuen, eta kenduz gero, azaleko argazkia pegatinarekin joaten zen. Olabeagak azaldu du nolabaiteko logika bazuela horrek, pegatinaren beste aldean alarma jartzen zutelako. Hala ere, nabarmendu du buruhauste hutsa zela. Horregatik, zaila izango da Frudisk ahaztea, Donostiako etxe askotan oraindik enpresaren pegatinak baitaude binilo zaharretan itsatsita, kendu ezinik.