Erregezaintza kalea haurrentzako gune seguru bilakatu da aste barruan
Astelehenetik ostiralera, goizez eta arratsaldez, kalea ixteko eskaera egin zuen Jakintza Ikastolak eta hango guraso elkarteak, eskolan sartu eta handik atera bitartean. Udalak baiezkoa eman die.
Urriaren 14an, udalak iragarri zuen egun hartatik aurrera Erregezaintza kalea itxita izango zela astelehenetik ostiralera, 8:50etik 9:05era, eta 16:25etik 16:45era. Neurri hori Jakintza Ikastolak eta Jakingura Jakintza Ikastolako Guraso Elkarteak bultzatu dute elkarlanean, ikasleen segurtasuna bermatzeko helburuarekin. «Hainbat urtez, gurasook haurrak eskolako jolastokian jaso izan ditugu. Aurten, COVID-19a dela eta, ezin dugu eskolara sartu. Ondorioz, ikasleak eskolako ate guztiak erabiltzen ari dira», kontatu du guraso elkarteak. Ate horietako batek arazoak sortu ditu. «Bi arazo ikusi genituen. Batetik, arriskutsua zela. Arratsaldetan batik bat, haurrak ateratzean, gurasoak ezin garenez pilatu, batzuk errepidearen beste aldean jartzen ziren. Haurrak korrika ateratzen ziren, eta, bitartean, kotxeak igarotzen ziren. Bestetik, ate horren aurrean zabor edukiontziak daude, eta horrek sarbidea zailtzen du», zehaztu dute.
Hori dela eta, udalari alde horretako trafikoa erregulatzeko eskatu zioten. Bilera baten ostean, udalak proposatu zien kalea ixtea, baina «auzolana» sustatuz. «Alegia, eskola ixteko ardura eskola komunitatearen gain geratu da, eta ezarritako orduetan, guk jarri eta kentzen dugu hesia», argitu dute Jakinguratik. Hasiera batean, zuzendaritzak eta eskolako atezainak hartu dute ardura, baina hemendik aurrera helburua da gurasoek txandak egitea.
Asteartean hori antolatzeko bilera egin zuten. «Pentsatu dugu gela bakoitzak aste bateko ardura hartzea. Modu horretan, gela bakoitzari, hiru hilabetean behin egokituko litzaioke», azaldu dute. Izan ere, zazpi maila daude eraikin horretan, Haur Hezkuntzako bigarrenetik Lehen Hezkuntzako hirugarrenera, eta maila bakoitzean hiru bat gela daude. «Doodle bat egin dugu guraso boluntarioek han izena eman eta zein ordutegitan ahalko luketen jakiteko. Gainera, bideo bat egin dugu jarraibide guztiekin».
Arazoak eta desadostasunak
Egitasmoa martxan jarri badute ere, guraso guztiak ez datoz bat ezarritako neurriekin. «Talde baten ustez, udalak baliabideak jarri behar ditu, eta eurek itxi behar dute kalea», azaldu dute guraso elkartetik. Hala ere, argitu dute «harago joatea» eta eskaera egitea guraso horien esku geratuko dela.
Bestalde, kalea lehen aldiz itxi zutenean bizilagunak haserretu egin ziren, ez zitzaielako ondo iruditu. «Gutun bat idatzi zitzaien, eta dena konpondu da. Haurrekin ere gaia landu dugu, auzolana azpimarratuz, eta marrazki batzuk egin eta auzoa apaindu dute», kontatu dute guraso elkartetik. «Gure ustez, lan ‘azkarra’ izan da, betiere kontuan izanda administrazioaz ari garela», esan dute.
Edozein kasutan, eskolatik beste eskaera bat ere luzatu zioten udalari: edukiontziak mugitzea. Oraindik ez dute egin. «Gai horrek beste bide bat daramala dirudi. Agindu digute mugituko dituztela, edo behintzat atearen paretik kenduko dituztela. Baina, antza denez, ezin dituzte gehiegi mugitu bizilagunek erabiltzen dituztelako», esan dute guraso elkartetik.
Herrerako kasua
Erregezaintza kaleaz gain, Herrerako Ederrena kalea ere moztu dute Herrera ikastetxeko sarrera eta irteera errazteko. Udalak azaldu duenez, «ez da harritzekoa» halako eskaerak jasotzea. Izan ere, COVID-19a dela eta hartutako neurriak antzekoak dira kasu guztietan, esaterako, ate berriak zabaltzea, eta horiek aurrera eramateko zailtasunak ere bat datoz. Beste eskaera batzuk ere jaso dituztela jakinarazi du, baina azterketak mantsoago doazela. Hain zuzen ere, bideen baldintzak desberdinak dira, eta izango lituzketen ondorioak ere bai.