Kaiko etxola berria eraikitzeko lanek bost hilabete iraungo dute
Bost hilabete barru, kaiak etxola izango du berriz ere. Izan ere, epe hori izango du Jaizubia Obras y Servicios enpresak lanak egiteko. Etxola berria ez da aurrekoa bezalakoa izango; hain zuzen ere, txikiagoa izango da, 104 metro karratukoa, eta triangelu forma ordez, forma biribila izango du. Gainera, hegazkin ontzi eraikin berrituaren estiloarekin bat etorriko da. Diseinua Vaumm arkitektoen enpresak egin du, eta Eusko Jaurlaritzak jakinarazi duenez, 333.608 euroko kostua izango du, BEZik gabe.
Etxola berrian txarteldegia izango da, eta besteak beste Santa Klara uhartera joateko txartelak erosi ahalko dira. Era berean, komun txiki bat izango du, eta Euskadiko Kirol Portuaren sotora sartzeko sarbidea ere han izango da.
Bou Gipuzkoaren erreplika
Eraikin berriaren aurrean, Bou Gipuzkoa ontziaren 2,3 metro luzeko erreplika jarriko du jaurlaritzak, brontzezkoa. Izatez, bakailao ontzia zen Bou Gipuzkoa. Ordea, Gerra Zibilaren garaian, Euzkadiko Itsas Armada Laguntzailearen gerraontzi bihurtu zen. Besteak beste, 1937an Matxitxakoko batailan hartu zuen parte, II Errepublika defendatzeko.
Erreplikaren oinarrian, bataila hartan hildakoen izenak jarriko dituzte, baita han parte hartu eta ondoren fusilatu zituztenena ere.